Klima aldaketaren aurrean ekintza gehienak alferrikakoak direla zioen (aitatasunez) eta kapitala ikusten zuen aldaketa klimatikora egokitzeko aukera bideragarri bakarra. Ondorioz, ez dut liburuaren izena aipatuko, baina testu hau idazteko bide eman didala eskertu behar diot. Izan ere, aldaketa klimatikoaren eragina mugatzeko estrategia batzuk proposatzen zituen, tartean geoingenieritza. Ez nuen kontzeptu hau erabat ezagutzen (ideia solte batzuk soilik), eta nahiko interesgarria iruditu zitzaidan. Hortaz, bateriarik ez Wattaria-ren atal honetan.
«Geoingenieritza ingurumenean eragitean datza, horrela klima aldaketaren katea mugatzeko»
Geoingenieritza ingurumenean eragitean datza, horrela klima aldaketaren kaltea mugatzeko. Bi alor nagusitan bana daiteke: CO2-a biltegiratzean eta eguzki erradiazioan eragitean. Lehena da, agian, azaltzen sinpleena: atmosferatik negutegi efektua areagotzen duen CO2-a atzematea litzateke. Erarik sinpleena CO2-az elika daitezkeen basoak landatzea da, sekula basoak egon ez diren lurretan barne. Baina nahikoa al da egunero isurtzen den CO2 kopurua xurgatzeko? Eta zein inpaktu izan dezake sekula basorik egon ez den ekosistema horietan basoak landatzeak? Estrategia txundigarrienetako bat ozeanoetako ura burdinez ongarritu eta algen produkzio masiboa bultzatzea litzateke, alga horiek CO2-az elikatzeko, eta alga horiek hiltzean hondoratu eta xurgatutako CO2-a ozeano hondoan pilatzeko. Katalizatzaileen bidez CO2-a 'harrapatzeko' gailuen garapena ere alor honetan sartzen da.
Eguzki erradiazioan eragitea naturatik hartutako ideia da: 1991 urtean Filipinetako Pinatubo sumendiak eztanda egin eta erupzioaren eraginez askatutako gasek lurrazalera iristen zen eguzki argiaren %2,5-a oztopatu zuen. Horrek Lurreko tenperatura 0,5 ºC murriztea eragin zuen. Ondorioz, atmosferara era kontrolatuan eguzki argia oztopa dezaketen aerosol edo gasak askatuz gero, etengabe gora doan tenperaturaren hazkundea iraul daiteke. Baina baditugu gure atmosferan era naturalean eguzki erradiazioa islatu dezaketen osagaiak ere: lainoak. Kolore argiko gorputzek eguzki argia islatzeko gaitasun handiagoa dute, horregatik margotzen dituzte zuriz etxeak hegoaldean. Geoingenieritzaren ikerketa lerro batek lainoen kolorean eragin, edota laino zuriak sortzea jorratzen du. Lur planetaren inguruan eguzki argia islatuko zuten ispilu tankerakoak ipintzea litzateke arlo honetan aurkitu dudan estrategiarik bizarroena.
Aldaketa hauek guztiek klima aldaketaren arazoa konpon dezakete. Baina baita ingurumenean desoreka sortu eta eragin itzulezinak eragin. Klima ez da estatu bakar baten edo batzuen arazoa, eta beraz ezin du estatu bakoitzak irtenbide bat edo bestea bere kaxa bultzatu. Izan ere, ondorioak (positiboak zein negatiboak) ez dira berarentzat soilik izango. Horretarako, beharrezkoa da politika globalak bultzatu eta erabaki bateratuak hartzea. Eta Nazio Batuen Erakundearen Klimaren Goi-Bilera nola joan zen ikusita, ez dirudi erraza izango denik.