WATTARIA

«Burdinak badu energia!»

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano 2023ko aza. 6a, 07:58

Tolosako Hiribusa. TOLOSAKO UDALA

Duela hilabete batzuk bikotekidearen familiarekin bazkaria izan nuen sagardotegian. Bazkaldu ondoren, auto elektrikoen gaia atera zen, eta bakoitzak bere iritzia eman zuen. Gehienak ezkorrak ziren auto hauen inguruan. Horrelakoetan isilik geratu ohi naiz, norbaitek zuzenean galdetu ezean, eta ingurumenarentzat auto elektrikoak onak ote diren galdetuz gero, autobusa edo trena hartzea hobea dela erantzuten dut.

Edonola ere, bikotekidearen osaba batek (osaba X deituko diogu) aipatu zuen berak ez zuela sekula auto elektrikorik erosiko, «interneten ikusi baitzuen bateria hauetan dagoen kobaltoa erauzteko ingurumen eta langileentzako baldintzak tamalgarriak direla». Arrazoia zuela esan nion, eta baita ere ikertzaileon lan lerro garrantzitsu bat kobalto eduki hori murriztu edo deuseztatzean datzala. Adibide bezala, LFP delako materiala aipatu nion, kobalto eta nikela beharrean burdina duena. «Burdina? Burdinak ez dauka energiarik! Burdin zati batek energia dauka?», izan zen osaba Xren erantzuna. Bai jauna: gaur gaurkoz, mundu mailako autobus elektriko gehienek material hau daukate haien baterietan.

Burdina duela diodanean, ez ezazu espero ohiko burdin zati bat, irakurle. Burdina oinarrian eta fosforoarekin eta litioarekin aleatutako material bat litzateke LFPa. Kobaltoa ez bezala, material merkea da, munduko toki askotan aurki daiteke, eta erauzketa metodoak ez dira horren kezkagarriak. Iraupen izugarria dauka, baina ipurdi guztiek bezala, badu zuloa: beste material batzuk baino boltaje txikiagoa dauka. Beraz, beste bateria batzuekin alderatuta, zelda gehiago behar dira energia berbera lortzeko. Baterien osagaiak dira zeldak, eta elkarren artean konektatuta lortzen da energia handiagoa: autoaren bateria zelda horien batura da.

 

«Burdina oinarrian eta fosforoarekin eta litioarekin aleatutako material bat litzateke LFPa»



Zein da boltaje gabezia honen ondorio nagusia? Auto elektriko bat diseinatzen denean, bateriak espazio mugatua dauka, eta energia berdina lortzeko zelda gehiago behar baditugu, material hau agian ez da beste batzuk bezain interesgarria, merkeagoa eta berdeagoa izan arren. Hala ere, Teslak bere modelo batean sartuko zuela aipatu zuen, horretarako bateriaren diseinua eta autoan izango zuen distribuzioa aldatuta. Azken finean, auto bakoitzak x energia behar du mugitzeko, horretarako y zelda behar ditu bere bateriak, eta z espazio dauka autoak: diseinu egoki baten bidez agian x, y eta z aldagai horiek bat egin dezakete. Bestalde, LFPa aukera bikaina da espazio arazoak ez dituzten ibilgailuetan, eta aukera ohikoena dira, gaur gaurkoz, autobus edota kamioi elektrikoentzat.

Beraz, bai, osaba X, burdinak energia dauka. Gogora ezazu hotsik egin gabe mugitzen den autobus bat ikusten duzun hurrengoan ;).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!