Bi energia nuklear mota daude: fusioa eta fisioa. Izenek ematen digute bakoitzean gertatzen den erreakzioaren gakoa. Bi kasuetan nuklearra da, alegia, atomoen nukleoan gertatzen dira erreakzioak. Fisioa gaur egun indarrean den energia nuklear mota da. Atomo handiak zatitu egiten dira -atomo txikiagoetan- eta energia askatzen dute. Fusioan kontrakoa gertatzen da: atomo txikiak elkartu (fusionatu) egiten dira. Atomo handiagoak sortzen dituzte, energia lortuz. Badakizue? Izarretan ere horrelako erreakzioak gertatzen dira! Atomoak tenperatura eta presio izugarrien ondorioz batu egiten dira.
Energia mota honen inguruan zabaldutako ezaugarritako bat hauxe da: «Sortzeko kontsumitzen duena baino energia gehiago ekoizten du». Agian esaldi honek norbaiti arreta eman dio, makina bat aldiz «energia ez da ez sortzen eta ez desagertzen, eraldatu egiten da» errepikatu baitugu. Prozesu honetan deuterioa eta tritioa erabiltzen dira erregai modura; hau da, energia ez da ezerezetik sortzen. Deuterioa eta tritioa tenperatura eta presio izugarrira eraman behar dira, horri esker fusioa gertatzen da eta tamaina handiagoa duten helio atomoak sortzen dira.
Oraindik, energia honek gure etxeak elektrizitatez hornitzeko, bide luzea dago egiteko
Hala ere, gaur gaurkoz, laborategi mailako demostrazio bat besterik ez daukagu, eta, oraindik, energia iturri honek gure etxeak elektrizitatez hornitzeko, bide luzea dago egiteko. Lehenik eta behin, erreaktore handiak eraiki beharko dira, eta erreakzioak neurri handiagoan gauzatu beharko dira. Eta ez gauzatu soilik: errentagarriak direla ere frogatu beharko da. Izan ere, erreakzioa gauzatzeko baino energia gehiago sortzen dela aipatu da, baina askotan beste zenbait energia kontsumo ez dira zenbatzen kalkuluak egiterakoan: deuterioa eta tritioa bildu behar dira, biltegiratu eta erreaktoreetara garraiatu, tenperatura eta presio handitara eraman, erreakzioak kontrolatu «eguzki txikiak» sortzean istripurik egon ez dadin… eta hori ere ekoizpenaren parte da.
Iraungo al digute erregai fosilek beste 50 urte? Badirudi ezetz, eta hainbat adituren iritziz energia eskasia izango dugu datozen urteetan
Edonola ere, albiste oso positiboa da fusio nuklearraren esperimentu arrakastatsu hau osatzea, makina bat hamarkada baitzeramatzaten ikertzaileak frogapen honen bila. Orain arte, txiste modura aipatzen zen berdin zuela noiz galdetu «zenbat falta zaio fusio nuklearrari prest egoteko?», erantzuna beti «gutxienez 50 urte» zelako. Ez diren mugarri azpimarragarriak lortzen. Orain baina, badirudi kronometroa martxan jarri dela, eta 50 urtetan gure artean izan dezakegula. Baina bitartean zer? Iraungo al digute erregai fosilek beste 50 urte? Badirudi ezetz, eta hainbat adituren iritziz energia eskasia izango dugu datozen urteetan.
Iruditzen zait zientzialarien «mirarien» zain egoteaz gain, gure energia kontsumo ohiturak aldatzea komenigarria litzatekeela energia eskasia horren kaltea mugatzeko. Baina hori Wattaria-ren beste zutabe baterako utziko dut!