WATTARIA

Artikulu zientifikoak

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano 2022ko urr. 24a, 07:58

Ikertzailea den lagunen bat baduzue, ziurrenik inoiz artikulu edo paper delakoei buruz zer edo zer aipatuko zizuen. Baina zer dira paper-ak? Ikertzaileok aldizkari zientifikoetan argitaratzen ditugun ikerlanak dira. Lan hauek originalak izaten dira eta berrikuntzaren bat izan behar dute; ezin dute beste ikertzaile batzuek publikatutako lanen erreprodukzioa izan. 

Artikuluak aldizkari zientifikoetan publikatzen dira (agian ezagunak zaizkizu Nature edo Science) eta ez dibulgazio aldizkarietan (adibidez, Zientzia Kaiera), betiere zuzentzaileen zuzenketa fasea gainditzen badute.

Garai batean zientzialariek haien aurrerapausoen berri emateko erabiltzen zituzten eta, bide batez, beste ikertzaileei emaitza hauek nola lortu dituzten jakinarazteko, baldintza eta baliabide berak zituen edozein laborategitan esperimentua erreproduzitu ahal izateko. Horrela, ezagutza sare bat sortzen zen, eta ikertzaile batzuk lortutako aurrerapenen gainean beste ikertzaile batzuk esperimentu gehiago egin eta hobekuntza gehiago egin zitzaketen. Ideia bikaina, ezta? Zer esanik ez gaur egun, aldizkari guztiak sarean irakur daitezkeen garaian. Dena ez da dirudien bezain ederra, ordea.

Egun, hiru aldizkari mota daude: edukia era irekian argitaratzen dutenak, irakurleentzako ordainpekoak direnak eta bi ereduak uztartzen dituztenak. Helburu bezala ezagutza ahalik eta gehien zabaltzea duenak, aldizkari irekietan argitaratu nahiko du bere lana, baina agian ezin izango du. Zergatik? Zure artikulua lizentziarik gabe irakurri ahal izateko ordaindu egin behar baita. Eta zalantzagarria da, askoren iritziz, ordainduta argitaratzen diren ikerlanen kalitatea. Batez ere, kontuan izanda, ikertzaileoi artikulu kopuruaren eta artikulu hauen inpaktu indizearen barruan baloratzen zaigula. Hori da, nolabait, gure curriculuma. Inpaktu indizea aldizkari bakoitzak daukan «balio» modukoa da: inpaktu handiagoa duen aldizkarian argitaratuta, hobe.

Honek guztiak ikertzaileok gure lana azkar eta, sarritan, erabat borobildu gabe argitaratzea eragiten du. Emaitzei beste buelta bat eman eta ikerlana hobetu beharrean, presioa sumatzen dugu lehenbailehen emaitzok plazaratzeko. Izan ere, diru laguntza publiko bat eskatu edota lanpostu berri bat lortu nahi baditugu, aktiboki lanean aritu garela erakutsi behar dugu, eta argitalpenik gabeko pare bat urte lanean fin aritu gabeko bi urte bezala ulertzen dira —horrela ez izan arren, sekulako ikerketa lanean buru-belarri egon arren—. Presio honek argitaratutako kalitate zientifikoa exkaxagoa izatea eragiten du argitalpen kopuruaren mesedetan.

Ez dut itxura okerrik eman nahi: ni ere argitalpenen zurrunbiloan erabat murgilduta nago. Agian ikertzaile hobea izango nintzateke hainbat lan apur bat gehiago borobildu izan banitu. Agian zerbait gehiago eskaini ahal izango niokeen beste ikertzaile batzuei lana lehenbailehen publikatzen saiatu izan ez banintz. Eskerrak tarteka Ataria-k zurrunbilo horretatik kanpo argitaratzeko aukera ematen didan!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!