WATTARIA

Kortozirkuitua

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano 2022ko eka. 20a, 07:57

Kalean askotan entzuten dudan hitza da kortozirkuitua. Pertsonen jokaerari buruz hitz egiteko erabiltzen dugu. Onartzen dugu norbaitek gauzak egiteko edota erlazionatzeko modu ohiko bat duela eta, zerbaitek eraginda, bat-batean erabat aldatzen duela, normalean modu lasai batetik bortitz batera. Aldaketok, gainera, iraupen laburra dute, eta indibiduoa, denbora tarte baten ondoren, hasierako jarrerara itzultzen da. Ezohiko erantzunak eta erreakzioak deskribatzen ditu.

Dena den, kortozirkuitu kontzeptuak energia metatzeko sistemetan (piletan, baterietan...) dauka jatorria. Wattarian dagoeneko azaldu bezala, bateria bakoitzak bi elektrodo mota dauzka: anodoa eta katodoa. Elektrodo hauek erreakzio guneak dira, eta batean eta bestean gertatzen diren erreakzioak sinkronizatuak daude. Ezinezkoa da anodoan erreakzioa gertatzea katodoan erreakzio osagarria gertatu gabe, eta alderantziz. Erreakzio hauek kontrako izaera daukate: bata oxidatu egiten denean, bestea erreduzitu egiten da. Vals dantzari bikotea bezala definitu genituen: batek aurrerapausoa emateko, besteak atzerapausoa eman behar du, eta pausoz pauso sortzen du bikoteak mugimendua. Pauso horiek neurtuak izan behar dute dantzariek estropezu ez egin eta dantzan jarrai dezaten. Dantza utzi eta elektrokimikara itzulita, erreakzio horiek elektroi eta ioi mugimendu ordenatu bat ahalbidetzen dute, eta elektroi horiek dira gure gailu elektronikoak 'elikatzen' dituztenak.

Pila edota bateria bat hartzen baduzue, polo positibo bat (+) eta negatibo bat (-) dutela ikus dezakezue. Polo horietako bakoitzera daude konektatuta katodoak eta anodoak, hurrenez hurren. Polo horiek ez dute sekula elkar ukitzen. Bateria barruan ere 'banatzaile' izeneko mintz ez-eroaleak ipintzen dira anodo eta katodoen artean kontaktua ekiditeko. Zer dela eta? Katodoak eta anodoak (edota haietara konektatutako kanpoko poloek) elkar ukituz gero, elektroi eta ioi mugimendu kontrolgabea gertatzen da; bat-batean elektroi guztiak elektrodo batetik bestera mugitzen dira eta ioiak ere azkar-azkar mugitzen dira, kargak orekatzeko. Bateria energiaz erabat husten dela esan dezakegu, baina hori ez da larriena.

Material guztiek erresistentzia egiten diote elektroiak haietan zehar barreiatzeari (Jouleren legea). Erresistentzia hori dela eta, bateriaren tenperatura handitzen da (horregatik berotzen dira gailu elektronikoak lan handia eta azkarra eskatzen badiegu). Askotan, gure gailu elektronikoek tenperatura murrizteko sistemak izaten dituzte, adibidez, nire ordenagailuan piztu berri den haizagailua. Kortozirkuitua gertatzen denean, ioi eta elektroi mugimendu bortitz horrek tenperatura ere modu bortitzean handitzea eragiten du.

Tenperatura handitu daiteke, ados. Eta beste ezer? Tenperatura handitzeak lehen aipatutako banatzailea urtzea dakar. Ondoren, tenperatura gehiago handituz gero, elektrolitoaren osagaiak, katodoak eta anodoak, erreakzionatzen hasten dira. Kea sortzen da. Erreakzioaren abiadura handitzen da. Tenperatura handitzen da. Erreakzioaren abiadura handitzen da. Sua sortzen da. Erreakzioaren abiadura handitzen da. Puntu batetik aurrera atzera eta geldiezina da! YouTube, beste edozein gairi buruz bezala, kortozirkuitu bideoz josia dago. Batzuk bereziki ikusgarriak (eta beldurgarriak) dira. Kuxkuxeatu dezakezue zer egin behar ez den jakiteko. Goza ezazu kortozirkuiturik gabe sanjoanez, irakurle!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!