WATTARIA

Erreferenteak

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Landa Medrano 2022ko api. 26a, 07:58

Dagoeneko hamar urte igaro dira ikerketa munduan lehen kontratua sinatu nuenetik. Ezin esan dezaket ibilbide luzea egin dudanik, baina nire balizko bizi esperantza kontuan izanda, dagoeneko nire bizitzaren zortzirena zientziari eskaini diot. Ez da asko: eta era berean, bada zerbait. Wattariaren azken bi ataletan baterien historia errepasatu dut, eta protagonisten artean ez nuen emakume bat bera ere aipatu. Nire ibilbidean baina, emakumeak izan dira erreferente; eta, gaurkoan, horiei buruz hitz egingo dizuet.

EHUko Kimika Ezorganikoa sailean, 2012an sinatu nuen nire lehen kontratua. Idoia Ruiz de Larramendi Villanueva doktorea izan nuen, garaiotan, nagusi. Idoiak zientziaren ateak ireki ez ezik, ikerketan bidea urratzen lagundu zidan: nire tesi zuzendaria izan zen. Bera antzeko bidea egindakoa zen, eta esperientzia hori transmititu zidan. Ikerketan ilun asko eta itsasargiak tantaka daudela erakutsi zidan; iluna beltza ez dela, eta hor ere bidezidorrak badaudela; argiak ez itsutzen; erortzen; idealizazioetatik esnatzen... Ikerketaz gain, ikertzaile izateaz irakatsi zidan.

«Nire ibilbidean baina, emakumeak izan dira erreferente; eta gaurkoan, horiei buruz hitz egingo dizuet»

Tesian zehar egonaldi dezente egin nituen kanpoan, eta haietako batean, Southamptoneko Unibertsitatean, Nuria Garcia Araez izan nuen gidari. Esparru honetan, esne mamitan zainduta, bide laburra egingo nuela guztiz barneratua nuen; baina, ilun horri eta beste askori, buelta eman ahal izan nien. Norbere bidea taldean egitearen garrantzia erakutsi zidan Nuriak, kolektibizatzeak duen indarra, sozializatzeak duen inportantzia...

Tesia amaitu eta denbora batera unibertsitatetik enpresara salto egitea erabaki nuen. Bateria enpresa batera proiektuak kudeatzera, hain zuzen. Bi esparruak ezagututa, jakin nuen ikertzaile lana motibagarriagoa zitzaidala. Hortaz, ikerketara itzuli nintzen. Egun lantoki dudan zentro teknologikoan hasi nintzen lanean, unibertsitatean egiten den oinarrizko ikerketa atzean erabat utzi gabe eta enpresatik gertu. Zuzendari izango nuenak egin zidan elkarrizketa; kasualitatez, bigarren Idoia bat bidelagun eta gidari: Idoia Urdampilleta Gonzalez. Ertz guztiak orekatzen ditu, ekilibrismoak egin, exijitu eta zaindu. Departamentuko taldeburuak bi hitz horiek orekatzea lortzen du: exijentzia eta zaintza. Bestalde, departamentu barruan talde ezberdinak dauzkagu, eta gurearen buruetako bat Iratxe de Meatza Fernandez da. Niretzat ez ezik, erreferente da Europa mailan baterien arloan. Ezagutzagatik gehienentzat, pasioagatik gertu dugunontzat: pasioa dario eta pasioa transmititzen du. Lanean, sortzaile eta bizi sentiarazten gaitu eta horrek, ez du preziorik.

Beste lankide, nagusi eta lagun asko izan ditut bidean, eta ez litzateke bidezkoa haiek aipatu gabe uztea: Larra, Teo, Nagore, Ricardo (hau bidelagun; eta, geroztik, bereziki lagun), Dino, Jun, James, Igor, Iker, Aitor, Silvia, Susan, Olatz... Baina aitortza egin nahi nien baterien nire historia laburra ahalbidetu duten lau erreferente hauei: Idoia, Nuria, Idoia eta Iratxe. Eskerrik asko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!