Ezin dut ulertu batzuek estrategia-gaitasun eskasa izatea, eskuina eta ultraeskuina indar betean dauden honetan. Indarrak batu egin behar dira; egoera ez dago opariak egiteko moduan; eta eskuineko blokearentzat Erregeen opari aurreratua da PSOEren ezkerrean dauden Espainiako alderdien artean adostasunera ez heltzea eta bereizita aurkeztea.
Inkesta guztiek diote PSOEk apenas galduko duela indarrik; mantendu egingo da, beraz. PPk ere antzera jarraituko du, eta VOX izango da Espainian gora egingo duen alderdia. Mahaiaren laugarren hanka, ordea, oso motza da, eta mahaia koloka handian dago. Frente Ampliok beste alderdiekin koalizioak osatu dituen probintzietan baino ez ditu lortuko eserlekuak —Madril eta Bartzelona salbu—, eta indarrak batzeko aukerarik izan ez duten probintzietan ez omen du eserlekurik lortuko. Podemosek, berriz, eserleku bakarra lor dezake —eta hori Madrilgo azken eserlekua izan daiteke—.
Horiek Espainiako emaitza orokorrak dira. Hego Euskal Herrian, aldiz, bestelakoa da eserlekuen banaketa: 23 eserlekuetatik 12 indar abertzaleek lor ditzakete, zazpi PSOEk eta lau PPk. Gipuzkoan, lau eserleku lortuko dituzte indar abertzaleek eta bi PSOEk. Garbi ikusten da, Espainiarekin alderatuta, bestelako gizartea dela gurea, beste balio batzuk dituena. Hori horrela izanik ere, Espainiako emaitza orokorrek asko ilundu dezakete Hego Euskal Herriko zerua.
«Garbi ikusten da, Espainiarekin alderatuta, bestelako gizartea dela gurea, beste balio batzuk dituena. Hori horrela izanik ere, Espainiako emaitza orokorrek asko ilundu dezakete Hego Euskal Herriko zerua»
Bitarte horretan, emaitzak horiek izango direla jakin arren, PSOEren ezkerrean dauden bi blokeek bereizita aurkeztea erabaki dute. Zer dela eta? Zer lortu nahi dute? Ulertzen saiatzen naizen arren, ezin dut ulertu. Nik ikusten edo ulertzen ez dudan zerbait dago atzean. Nazio identitate desberdina dutelako sentitzen dute aurkezteko beharra? Ez dakit zer, baina badago zerbait horren atzean.
Lehen esan dizuet: beldur naiz. Badakit nire hitzek ez dutela ezer aldatuko. Estatuko ezkerra ez batu izana eta aukerarik ez duten lekuetan ere aurkeztu izana kritikatu ditut, eta haiek ez dute Ataria irakurriko. Hala ere, esan beharra neukan.
Igandean ere, hauteskunde guztietan bezala, familiarekin joango naiz botoa ematera, eta handik bueltan kafetxo bat hartuko dugu elkarrekin. Beldurrak hitz eginez kudeatzen dira.