Bueltan da '(H)ari Naizela' irratsaioa

Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasearen jarraipena egingo du; gaur izango da lehen saioa entzungai FM bidez nahiz 'Ataria.eus'-en.

300. programa osatzearekin isildu zen Ataria Irratiko (H)ari Naizela irratsaioa, iragan abenduan; eta bueltan da, orduan aipatu bezala, Gipuzkoa Bertsotan, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea itzultzearekin batera. Imanol Artola Felix-ek jarraituko du saioa gidatzen. Etenaren ostean «indarrez» itzuli da, «eskualdeko bertsozaleek merezi duten irratsaioa egiten jarraitzeko».

Gipuzkoa Bertsotan faseko saioen jarraipena egingo du (H)ari Naizela saioak, eta, bereziki, eskualdeko bertsolarien bertsoaldiek eta eskualdean jokatzen diren kanporaketetako bertsoek izango dute lehentasuna. «Orain arteko gidoia mantentzea erabaki dugu», azaldu du Artolak; «ohiko sarrera izango du irratsaioak, aurreko asteko bertso-saioetako informazioa emango zaie entzuleei, eta, segidan, bertsoak entzuteari ekingo diogu». Gipuzkoa Bertsotan fasean aste bakoitzean lau kanporaketa direnez «nahi baino bertsoaldi eta ahots gehiago» utzi beharko dituztela kanpoan esan du, eta aukeraketa egitea ez dela erraza izango aitortu du amezketarrak. Lehen irratsaioa gaur izango da entzungai Ataria Irratian (Fm 107.6 edota Ataria.eus-en), eta Eskoriatzako, Gabiriako eta Zestoako kanporaketetako bertsoaldiekin osatuko du.

Asteazkenetan 20:00etan eta igandeetan 14:00etan izango da FM bidez eta Ataria.eus-en entzungai, eta nahieran ere entzun ahalko da, Ataria.eus-en (H)ari Naizela irratsaioaren atalera joz.

ZOZKETAK

Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasean hiru kanporaketa jokatuko dira eskualdean: Altzon, bihar; Anoetan, maiatzaren 10ean; eta Alegian, maiatzaren 26an. Altzoko saiorako ez, baina gainerako bi saioetarako sarrerak zozketatuko dira (H)ari Naizela irratsaioan. Bertso saioaren aurreko asteko irratsaioan egindako galderari erantzun beharko diote entzuleek, whatsapp audio bidez, eta 695 76 28 43 zenbakira bidali beharko dute erantzuna. Lehen zozketa maiatzaren 8ko irratsaioan egingo da, Anoetako saiorako bi sarrera zozketatuko dira, eta erantzun beharreko galdera honakoa da: «Jon Luzuriaga ikaztegietarrak Anoetan kantatuko du. Bada, jakin nahi duguna da ea zenbatgarren parte-hartzea duen Jonek Gipuzkoa Bertsotan fasean».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!