Harituz 10 urte

«Ofizioaren barruan bertsoa izan da giltzarria eta lantresnetako bat»

Joseba Tapia. J. ARTUTXA

Harituz Bertsozale Elkarguneak 10 urte betetzen ditu, eta kontzertu berezia antolatu du gaurko, Villabonako Aljibean; Joseba Tapiak duela 10 urte argitaratu zuen Tximela kapitainaren izarrak diskoa eta bi data borobilek bat egingo dute. Kontzertua 22:00etan hasiko da eta sarrera librea izango du.

Joseba Tapiak (Lasarte-Oria, 1964) Tximela kapitainaren izarrak emanaldia eskainiko du gaur Quico Pugès biolontxelo jotzailearekin batera. Haritz Azurmendi ikertzaileak egingo dio sarrera saioari. (H)ari naizela Ataria Irratiko podcastean elkarrizketatu du Imanol Artola felixek Joseba Tapia musikaria.



Batez ere, Leturiaren konpainian ezagutu zaitugu, baina izan dituzu beste hainbat bidelagun eta proiektu ere; Amuriza, Ruper Ordorika, Bixente Martinez, Hiru Truku eta Zaldibobo esaterako. Zure letrei begiratuta, trikitixari bezalaxe, zure bizitza bertsoari lotuta egon dela esan daiteke?

Lehen diskoan dena ni egiten saiatu nintzen. Leturiak eta biok pentsatu genuen edozertarako ere balio genuela, eta orduantxe konturatu ginen letrekin laguntza beharko genuela. Bertsolariekin tratu handia neukan, txikitatik izan naiz bertsozale eta mundu horretatik oso gertu ibili naiz beti, eta bertsolariengana jo genuen.

Zein da gaur egunetik atzera begiratzen hasi, eta daukazun lehen bertso oroitzapena?

Oso umetatik familiatik datorkit zaletasuna. Aita oso bertsozalea izan da, bederatzi puntuko batzuk buruz ikasarazi zizkidan, ez oso zorrotz. Aitaren anaia bertsozalea zen eta amaren aldetik ere bertsoak bakarrik ez, kantagintza ere jaso dut. Oso umetatik ditut oroitzapenak, gogoan dut Usurbilgo plazan Mattin eta Xalbador ikusi izana, baita Orexan eta herri txikietako saioetan ere. Amaren jaiotetxea Lazkaomendin dago, eta festetan beti Lazkao Txiki... horiek izango dira nire lehen oroitzapenak.

Aritua al zara bertso eskolan?

Baita ere. Beranduago BUP-en txapelketa baterako prestatzen hasi ginen, Juan Gartzia genuen maisu. Ikasleen artean hasi ginen bertsoak idazten eta bidaltzen. Musa bat asmatu genuen, gelako neska bat, eta Azukre Koxkor deitzen genion, haren lehian bertsoak idazten hasi ginen. Lehia horretan irakasleak ere sartu ziren eta ondoren lehen bertso eskola sortu genuen, eta gazteen lehen txapelketa horietan sartu ginen. Santo Tomas Lizeoan izan zen hori. Ofizioaren barruan bertsoa izan da giltzarria eta nire lantresnetako bat.

Tapiaren kantu guztiak kontuan hartuta, ez dira asko bertso moldetik aparteko letrak dituzten kantak; metrika berdintsukoak eta errimatzen dutenak dira gehienak.

Zalantzarik gabe. Tapia eta Leturiarekin bereiziki, oso neurtutako formetan ibili naiz, koplak batetik eta bertsoak bestetik. Neurri arraroetan aritzea edo hortik aparteko ahaleginak egitea bakarkako ibilbidea abiatutakoan hasi ziren.

 

«Oso neurtutako formetan ibili naiz, koplak batetik eta bertsoak bestetik»


Biharko kontzertuak Tximelaren bertsoetan oinarrituz osatutako 'Tximela kapitainaren izarrak' diskoa izango du oinarri. Tolosan jaio zen Tximela eta bertso sorta asko idatzi zituen. 1989an Hauspoan liburu bikoitza argitaratu zen eta liburu bikoitz horretako pasarte batzuk kontuan hartuta 2013an argitaratu zenuen 17 kantuz osatutako diskoa. Josebarentzat zein da Tximela, nola definituko zenuke?

Ez nuen ezagutu, nahiz eta ezagutzeko tartea izan nuen, 1993an hil baitzen. Gainera Leturiaren kuadrillako baten aita zen. Leturiari ez nion aipatu, eta hark ez zekien zertan nenbilen. Diskoaren nahasketan nengoela, Huescan (Aragoi) geundela ikastaro batean, diskoa ezagutzen zuela esan zidan. Tximela ezagutu dut bi liburu horiei esker, eta gerora ikasi nuen haren historia. Horiek irakurrita dakit zein trantze pasa behar izan zituen. Tximelak 20 urte zituen altxamenduan, kartzelako lehen sorta idazterakoan 23 urte zituen eta, gainera, kapitan izendatu zuten. Egoera gogor bat bizitu behar izan zuen; kontatzen du amak Bartzelonara joan behar izan zuela, anaia hila zuela, bestea Baionako ospitalean zaurituta zegoela... oilo ipurdia jartzen da pasa behar izan zituztenak irakurtzean. Belaunaldi horri galtzea tokatu zitzaion, zapalduak izan ziren, eta Franco Donostiara etortzen zen guztietan atxilotu egiten zituzten. Guzti hori pare-parean lotzen dut, gure maisu edo nagusia izan den Elgetarekin. Elgetak 30 urte zituen gerra iritsi zenean, eta errepublikazaleekin aritu zen boluntario. Kasualitatez [Tximela bezala] Dueson (Kantabria) egon zen Elgeta, handik Cadizera (Andaluzia) eraman zuten eta gero aske utzi zituzten. Elgeta Lastur inguruko baserrietan ezkutatu zen, nolabait esateko, eta Tximela hemen, Tolosa-Villabona inguruan, egon zen. Belaunaldi hori da Tximela niretzat.

Nola hasi zinen Tximela ezagutzen?

Aldaketa handi bat gertatu zen Tapia eta Leturian aritzetik, bakarka haste horretan. Bakarkako ibilbide guztia taldean egin dut, Koldo Izagirrek eta biok egin dugu. Elkar-berotze eta elkar-trukatze horien ondorioz sortu dira proiektuak. Ez ginen segituan sartu Tximelaren proiektuan, hiruzpalau proiektu genituen, eta probatan hasi nintzen, ea tonua eta erregistroa harrapatzen nituen. Eta halako batean Tximelaren bertso horiei topatu nien zegokien estiloa eta soinu unibertsoa, eta ez hori bakarrik ia mundu horretan sartu ginen, eta oso argi ikusi nuen proiektua. Koldo eta bion artean egin genuen, Koldo gehiago liburuetan aritu zen eta ni musikan. Bion arteko kontu bat izan da.



Diskoan Tximelaren urtebeteko ibilbidea hartu zenuten oinarri, 1937ko abuztutik 1938ko abuztura, hau da, Duesoko bizipenak biltzen dituzten bertsoak aukeratu zenituzten. Argi zenuten horra mugatu nahi zenutela?

Bai. Joxe Mari Lopetegirekin ere pasa zitzaigun, estutasun horretan, kartzelaldian idatzitako horietan, gora egiten du, hunkigarria da benetan kontatzen duena, nola kontatzen duen, metrika puskatzen du, batzuetan poesia egiten du... Zati horrek hunkitu gintuen, baina baita formengatik eta kontatzeko moduagatik ere. Harrigarria da nola erabiltzen zuen metrika, nola puskatzen zuen… Harrigarria da estutasun horrek noraino eraman zuen artistikoki, Tximelaren ohiko bertsokera puskatzeraino, eta maila handi bateraino, nire ustez.

Duesotik aterata, ondorengo kartzeletan ere antzeko segitzen al du?

Ez, ez dakit zenbat denbora eman zuen Cadizen, Puerto de Santamarian, hango berririk ez daukat, ez dut uste denbora asko emango zuenik bertan. Tximelaren kontakizun hau, oro har kartzeletan gertatzen zenaren kontakizun bat da. Nik esango nuke pobreen lekuak direla kartzelak, baita euskaldunentzat direla kartzelak. Tximelaren kontakizun honek edozein garairako balio dezake.

 

«Tximelaren kontakizun honek edozein garairako balio dezake»


Harrigarria da kartzelan idatzitakoak gorde eta gaur egunera iristea.

Bai. Bere semeak kontatu zigun zatika atera zituztela bertso horiek, eta ez zen erraza izango. Bildu egin beharko ziren gero, Antonio Zabala ibiliko zen horretan... Eta ez zen erraza izango idazketa hura, ez zuten ezer izango, argirik ere ez, behar bada. Nahiko balentria iruditzen zait kartzelan idazteko aukera izatea eta gordetzeko abilezia izatea.

'Tximela kapitainaren izarrak' diskoan gitarrarekin entzuten zaitugu, arraroa egiten da Joseba gitarrarekin entzutea eta ez trikitixarekin.

Bakarkakoetan gehiago ibili naiz testuaren janzkeraren bila, eta hor ez dut sentitu instrumentuarekiko zorrik, esan nahi dut, ez dut presiorik izan. Bestalde gitarra oso umetatik datorren instrumentua da guretzat, trikitixaren pare izan dut beti, filarmonika ere, baina batez ere, gitarra. Trikitixa gehiago baserri munduan zegoen garai hartan, konplexu askorekin; izan ere, garrantzitsua zena soinu kromatikoa zen, soinu handia. Nik gitarra eta kantagintza moderno hori izan dut inguruan, niretzat ez da arraroa.

Tximela alde batera utziz, Leturiarekin egindako disko gehienetan, bertsoak daude oinarrian, baina badaude zenbait disko bertso zaharren bilduma direnak. Hiru Trukuko ibilbidea-n izan zen hori?

Hiru Trukura iritsi nintzenerako Ruper (Ordorika) eta Bixente (Martinez) hasita zeuden bilketa horretan eta argi zuten kantu zaharra nola tratatu behar zen, beste ikuspegi bat zuten. Ni txapelketetatik nentorren, birtuosismoan nengoen nolabait esateko, eta Hiru Truku baldekada bat ur hotz izan zen; hor ezin zen birtuosismorik erakutsi, alderantziz, kantua bera zen agertu behar genuena eta ahal zen gutxiena gure eragina.

Hiru Trukurekin hiru disko, eta tartean 'Bizkaiko kopla zaharrak' Amurizarekin eta Leturiarekin.

Hori ezustekoa izan zen. Guk trikitixa mundutik ez geneukan koplaren ezagutzarik, guretzat kopla edo bertsoa berdina zen. Laja eta hauek ere letra berriak behar zituztenean bertsolariengana jotzen zuten, eta bertsolariek hartzen zuten metrika osoa eta bertso bihurtzen zuten. Amurizari entzun nion lehen aldiz ez zela gauza bera.

Gerora badaude zenbait disko monografiko edo, politikarekin estuki lotuta daudenak, politikarekin edo gure iraganarekin, hasi 'Québec: hamalau kantu independentziarako'-tik eta 'Agur Intxorta maite', Tximelarena... horietan izan da Koldo bidelagun?

Bai, dudarik gabe. Apoaren Edertasuna diskoarekin hasi ginen, biak igotzen ginen oholtzara, bigarrena izan zen Quebec-ekoa. Han jaialdi batean jo behar genuela ETAk su etena agindua zuen eta orduan hasi ginen pentsatzen zer gertatzen da Quebec-en?, Hor ere independentzia nahi dute, eta zer ote dago Quebec-en? Letu eta biok astebete eman genuen Montrealen, eta gu handik eta Koldo hemendik, mundu bat deskubritu genuen, idazle eta kantari koadro zoragarria, ez nituen ezagutzen: Leclerc, Charlebois, Leverque... Suelto samar nengoen batean, elkarrizketa batean esan nuen Brassens izan ordez irakasle, Leclerc izango zela Brassensen irakasle. Eta horren harira Imanol Larzabalek hartu ninduen eta haserrez esan zidan ezetz, ez zela horrela, eta ni isilik. Belaunaldi guzti horrentzat kantari horiek guztiak oso garrantzitsuak izan dira, nik esango nuke Ruperretik hona hasi zela anglofonia, guk dena ingelesez entzun dugu, baina aurrekoek dena frantsesez entzun dute, Hego Amerikako kantariak.... Aldiz, gure belaunaldikoek ez ditugu ezagutu eta frankofonia gorrotatu dugu ere, boikota egin diogu frantsesari... Frantzia osoari egin diogu boikota, baita gauza ederrei ere. Montrealen geundela, testuak hartu eta zein politak ziren konturatu ginen eta euskaraz kantatu behar genituela pentsatu genuen. Nire ezjakintasunetik Koldori esaten nion kantu horiek hartu eta doinua jarri behar geniela, eta Koldok esaten zidan kantu horiek bazutela doinua. Hor konturatu nintzen zein ezjakina nintzen frantses kantagintza moderno horretan. Ikasketa handia izan zen, eta hor saiatu nintzen hurbiltzen, eta deskubritu nuen mundu eder bat hor.

Zer eskainiko duzue gaurko emanaldian?

Diskoan Luis Fernandez aritu zen txeloarekin eta Quico Pugès ariko da oraingoan. Biak ariko gara eta diskoa kantatuko dugu. Kantuek izango dute euren azalpena, Haritz Azurmendik kokatuko ditu, eta nik zeozer esango dut, baina ez dut denbora gehiegi izango. Kantutegi nahiko luzea da. Kantu guztiak prestatu ditugu, baina ez zait iruditzen denak abestera iritsiko garenik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!