Pasahitza (zaharra)

«Bertsoarekin gozatzeko ahalmena berreskuratzeko balio izan dit»

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola Arretxe, 'felix' 2019ko abenduaren 17a

Finalaurrekoan baino gehiago gozatzea eta ariketa batzuetan behintzat eskaini nahi zuen hori eskaintzea lortu zuela finalean azaldu du Oihana Iguaranek.

Jolastera joan zinela aipatu zenuen agurrean. Jolastu al zenuen?
Nere burua etengabe ahalegin horretan sumatu nuen, eta horrelakoetan gozatu egiten dut.
Arantzak ateratzeko balio izan al dizu finalak?
Bertsoarekin gozatzeko ahalmena berreskuratzeko behintzat bai. Euskal Herriko Txapelketa bukatzean eta Tolosakoa bezalako tentsiodun saio batean batzuetan iluntasun batean sartzen gara, eta gozatzeko ahalmena galtzen duzu. Nik ez dut bertsoa horrela bizi nahi. Horregatik, esaterako, udan etenaldi txiki bat egin, eta distantzia pixka bat hartu nuen. 
Mugaren bat hautsi al zenuen?
Ez nuen nahi beste lortu. Baina, nere buruarekin asteotan sentitutako muga batzuk behintzat atzean utzi nituen, eta hori ere distantziatik baloratzen jakin behar da.
Beñat Gaztelumendiren mailaren eta besteenaren artean koskaren bat atzeman al zenuen?
Aldiro txunditzen nauen dohaina du. Espero genuen, baina, hala ere, asko poztu nintzen bikaintasun horretan ere printza batzuk atera zituelako. Batez ere, bakarka eta puntuetan nabari zen koska.
Inurri lana azpimarratu nahi izan zenuen bukaerako agurrean.
Aurtengo finaleko argazkia urte askotan egindako lanaren ondorio dela iruditzen zait, eta horri bere lekua ematea garrantzitsua iruditzen zitzaidan. 
Argazki parekidea.
Finala polita izan zen, eta ez soilik lau emakume eta lau gizon ginelako. Horri garrantzia kentzen diot bere horretan, askoz harago doan lanketa batean gaudelako. Baina, aldi berean, bertso eskolako haurrei begira, jakitun naiz horrek eragin handia duela beraiengan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!