Oihana Iguaran berriro ere finalera

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2019ko abe. 3a, 11:58

Jon Maia izan da lehen sailkatua Tolosako finalaurrekoan; Oihana Iguaran eta Beñat Lizaso ere finalean izango dira; Haritz Mujikak seigarren egin du.

Lehen agurretatik antzeman zen bertsolariak dena ematera etorri zirela Tolosara eta publikoak ere halaxe eskertu zituen, txalo-zarta handiekin. «Karnabal bat bihurtu/ dezagun Tolosa»kantatu zuen Urangak. Tolosaldeko biek berriz: «kantxan edozer gerta liteke/ ta oholtzan zer esanik ez» amaitu zuen Mujikak, «hori gera ta horixe/ nahi det kale edo bale,/ bihurtu errotarritik/ osorik irten den ale» berriz Iguaranek.

IGUARAN HASIERATIK GOGOR

Hamarreko handian bertsolariek rol zailetatik kantatu behar izan zuten. Urangak eta Lizasok arrazistaren paperetik kantatu behar izan zuten eta publikoko zenbaiti zalantza sorrarazi zieten, txaloak jotzeko garaian.

Mujikari eta Urdangarini gehiago kostatu zitzaien, beraiei egokitutako roletik kantatzea. Gurasoak dira, beraien semeari kotxe-kapota oparitu diote baina, nesken gauza denez, ezkutatzea erabaki dute. Mujika generorik gabeko oparien zirrikitua lantzen ahalegindu zen, baina hamarreko handian puntu gutxien jaso zuen bertsoaldia izan zen biena.

Aldiz, Iguaranen eta Maiaren bertsoaldia izan zen hamarreko handian epaileei gehien gustatu zitzaiena. Torturatzaile baten abokatuak dira: «defenda'zagun baina ikus bedi/ dela betiko ohitura»hasi zen Iguaran. «Torturatzaile bat salbatzea/ izan hemengo zein hango/ ez da lehenago izango eta/ ez da azkena izango» jarraitu zuen Maiak eta beraien papera ongi justifikatu zuten, baina distantzia hartuz aldi berean.

Zortziko txikiari Mujikak eta Urangak ekin zioten. Kiroldegira joan da Uranga lanera joan aurretik eta zinta Mujika jubilatuak kendu zion. Elkarrizketa bixia sortu zuten. Mujikak bigarren bertsoa «seinale ez zarela/ lanean nekatzen»amaitu eta Urangak «nere partez lanera/ joan nahi al dezu?»galdetu zion. «Bola igo ari zait/ ai, ai, ai, ez, ez, ez/ Asunciona eraman/ nazazu mesedez» erantzun zion Mujikak, elkarrizketa itxiz.

Lizaso eta Iguaranena izan zen txikiko bertsoaldi puntuatuena. Bikotea dira eta mugikorreko aplikazioko proba batek %5eko bateragarritasuna dutela esan berri die. «%5 degu/ horixe da koska/ ta meritua beste/ 95a» kantatu zuen Iguaranek eta elkarrizketa ixteko «aplikazio hori/ lehendik sobran zen/, itzali mobila ta/ gu piztu gaitzen» kantatu zuen azken bertsoan.

MUJIKA, SEIKO MOTZEAN

Seiko motzean lortu zuen Mujikak bere puntuazio altuena eta Iguaranek soilik lortu zuen bera baino puntuazio altuagoa, ariketa horretan. Amasarrak Urangarekin osatu zuen ofizioa. Ama-semeak, Gabon gaua orain arte elkarrekin ospatu izan dute, baina Urangak esan dio aurten bikotekidearen etxera doala. «Ta nola aldatuz doan/ zu ez zaude aurtengoan,/ hori ondo dago baina nik ere/ ezin al det joan»kantatu zuen Iguaranek, errukia eman nahi duen amaren paperetik. Urangak «hor utziko zaitut hala,/ nahiz jakin mingarri dala,/ zuk zure aita ta ama utzi/ zenitun bezala» erantzun zion. Iguaranek bigarren bertsoan Gabon gauean ez baina Urtezaharra berarekin pasatzeko eskatu zion, baina ahizparenera joateko erantzun zion Urangak. Iguaranek «nahiz utzi nauzun aparte/ osasuna den bitarte,/ izan nahi nuke sortuko duzun/ familiko parte» kantatu zuen hirugarrena.

Mujikak berriz Maiarekin kantatu zuen. Alderdi bereko bi politikari dira. Hauteskundeko programako puntuak bete ez dituztenez, Mujikak ez du berriz aurkeztu nahi. «Lege bat balitz ezingo luke/ inortxok aurkeztu» eraso zion Maiak lehenengoan eta «utzi izen, utzi kargu,/ denak soberan dauzkagu,/ lehen kritikatzen genituenak/ bihurtu gera gu» erantzun Mujikak. Maiak egia eta programa bereizi zituen bigarren bertsoan, eta «PNV edo Bildu/ gezurrak egia hil du/ helburu bera daukate denek/ xoxak nola bildu» erantzun Mujikak. Azken bertsoan Maiak «igual zu zera sartu zarena/ leku okerrean»erantzun zion eta Mujikak elkarrizketa itxi zuen «zuek segiko horren ondo/ zuen gezur zuen tongo/ baino ni ez naiz lau urte barru/ zerrendan egongo» kantatuz.

Puntutan elkarrekin kantatu zuten Mujikak eta Iguaranek. Hegazkinean, beren albokoak lo hartu du eta komunera joan ezinik geratu dira. Elkarrizketa polita eta bizia osatu zuten, nahiz eta amaieran biribiltzea falta izan zitzaien.

Puntutako ariketan Maiak bere umore absurdoari etekina atera zion Lizasorekin osatutako ofizioan, sukaldaritza programa bateko epaimahaikoen paperetik.

KARTZELAN BIKOTEKIDE OHIAK

«Telefonoak jo du. Begiratu duzu, eta berriz ere zenbaki bera da» izan zen kartzelakorako gaia. Maiak eta eskualdeko biek bikotekide ohia kokatu zuten telefonoz bestalde. Aldiz, beste hiruren kasuan: Lizasok haurdun dagoen emaztea; Urangak kartzelatik irten berri den alaba; eta Urdangarin aguazilari alkateak deitu dio, seiko motzeko ariketako Ertzainaren autoa gaizki aparkatuta dagoela esanez. Publikoa bereganatu zuen ataundarrak.

Maiak ere publikoa bereganatu zuen eta baita epaimahaikoa ere. Koska atera zien beste bost kideei.

Iguaranek honela kantatu zuen lehen bertsoaren bukaera: «eten dizkiot e-mail kontuak/ mobila blokeatu bai/ baina oraindik ez du ulertu /ez dudalahitz egin nahi». Bigarrenean, «barkamen eske hasi zen baina/ hortarako ere koldarra/ beregan inoiz sinistu izana/ da dedan damu bakarra». Azken bertsoa berriz, «deika jarraitu nahi badu ere/ moztuko diot halare/ bera geratu da itzalita/ eta estaldura gabe».

Mujikak ere harreman toxikoaren gaiari helduz, lehen bertsoa «sufritzen ari dela badakit/ baino ez noa hartzera»amaitu zuen eta bigarren bertsoa honela kantatu zuen: «Garai batean gustoko nuen/ gustoko nere erregin,/ baino gerora eragin zidan/ batek daki hainbeste min./ Nahiz oroitzapen goxo askoak/ badauzkadan berarekin,/ dena bukatu zen en fin,/ nahiz berak deiari ekin./ Bera sufritzen ari omen da/ ni ere bai berdin berdin,/ beraz mesedez bukaera hau/ ez gogorragoa egin». Ariketa honela amaitu zuen: «aurrerantzean bizitza on bat/ opa nahi dizut maitea,/ ta espero det zuk niri ere/ hori opa izatea».

FINALEAN

Beraz, gauzak horrela, Maia, Iguaran eta Lizaso sailkatu dira finalera. Finalean, hiru duela lau urtekotik bost aurpegik errepikatuko dute: Gaztelumendi, Martin, Laburu, Iguaran eta Maia. Hiru aurpegi berri izango dira: Labaka, Lizaso eta Elustondo. Hirukote horretatik, Labaka da txapelketari udaberrian ekin ziona, maiatzaren 11n Mutrikun. Beste bi bertsolariek, duela lau urte finalerdietan kantatu zutenez, udazkenean ekin diote txapelketari. 

SAILKAPENA

Beñat Gaztelumendi 506,0

Agin Laburu 501,0

Jon Maia 494,5

Alaia Martin 493,5

Ane Labaka 472,5

Oihana Iguaran 471,0

Beñat Lizaso 469,5

Nerea Elustundo 467,0

Asier Azpiroz 463,0

Iñaki Apalategi 459.0

Jokin Uranga 456,5

Iñigo Mantzisidor 453,0

Unai Mendizabal 452,0

Unai Gaztelumendi 447,0

Iban Urdangarin 444,0

Amaia Iturriotz 438,0

Eñaut Martikorena 434,0

Haritz Mujika 432,0

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!