Irakasle izateari uzten diogunean

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2018ko aza. 24a, 10:35

Tolosako ikastetxeetan jasotako datuek Tolosako kale-erabilera neurketan jasotako datuak berresten dituzte: haurrak eta nagusiak elkarrekin hizketan ari direnean euskararen erabilera %74koa da; aldiz, nagusiak elkarrekin ari direnean, %36,6koa.

Zergatik horrelako aldea? Lehenik, badakigu haur guztiek euskara ulertzen dutela, eta ez heldu guztiek. Bigarrenik, heldua haurrarekiko botere-harreman batean dago, eta normalean boterea duenak markatzen duelako hizkuntza. Hirugarrenik, helduek haurrekin daudenean irakasle papera hartzen dutelako askotan. Azken gai horri tiraka jarraituz, irakasle papera ez da erosoen zaiguna. Beraz, haurrekin hitz egitean irudia zaintzen dugu, baina lagunekin hastean ez. Gauza bera gertatzen da zaborra lurrera ez botatzean edo kirol-legez jokatzean.

Gure benetakotasuna behin haurrekin kontaktu zuzenean ez gaudenean agertzen da. Eta benetakotasun horrek adierazten du ez garela hain euskaldunak gure eguneroko jardunetan: telebista, irratia, egunkaria, liburuak, musika, serieak, laneko idatzizko eta ahozko hizkuntza, Whatsappa, sare sozialak, memeak, txisteak... Egunero kontsumitzen dugun horrek ematen dizkigu ondoren erabiliko ditugun hitzak eta esamoldeak.

Horri gehitu behar zaio euskaldun oro dela elebiduna (gutxienez) eta inguruko hizkuntzak gu baino askoz handiagoak direla. Denok bizi izan dugu esperientzia txarren bat euskaraz egiteagatik, eta igogailuan bi orduz trabatua geratu denak hurrengoan bost pisuak oinez igotzen dituen bezala, euskaldun askok zalantza momentuetan erdarak egiten ditu bere, egoera deseroso hori berriz ez bizitzeko.

Zalantza momentuak asko izan daitezke. Asko dira ezezagunekin: azal koloreagatik, arropagatik, gauden ingurunea erdalduna delako, aurrekoarekin gazteleraz entzun dudalako... kaixo-ren osteko lehen hitza jada erdaraz egin ohi dugu. Ezagun askorekin, berriz, beti erdaraz entzun ditugulako, euskara apenas ulertzen dutela uste dugu. Eta beste ezagun batzuekin ez dugu gure hizkuntza ohiturak aldatzerik nahi.

Anitzak dira euskalduna gaztelerara igarotzen deneko egoerak. Eta nahiz eta haurrekin euskaraz hitz egin, haurrek ikusten dute zein egoeratan egin behar den euskaraz eta zein egoeratan ez. Eta, helduei begiratuta, ikusten badute gaztelerazko lehen hitza entzutearekin edo beste kultura bateko itxura duen batekin gazteleraz hasi behar dela, haurra hala hasiko da.

Eta zer egin? Euskaraldiak gako batzuk eskaintzen dizkigu. Horietatik garrantzitsuena nik uste dut euskaraz egiten didanari euskaraz egitetik euskaraz ulertzen didanari euskaraz egitera pasatzea dela. Horretarako euskararen mugak arakatu behar dira. Noraino heltzen da euskara? Egin lehen hitza euskaraz, eta baita bigarrena ere. Zerbait ulertu ez badu, euskaraz egin berriz, balitekeelako zaratagatik edo burua beste nonbait zuelako ez ulertu izana. Eta ulertu eta erdaraz erantzuten badizu, jarraitu euskaraz.

Hor dago gakoa. Prest al gaude elkarrizketa elebidunak edukitzeko? Erantzuna ezezkoa bada, zergatik eskatzen diegu orduan gure haurrei hala jokatzeko? Haurren mundua ez da helduona baino errazagoa.

 

Berrian idatzitako iritzi artikulua

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!