Hizkuntzen erreka ez dago lehor (HIGA)

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2018ko uzt. 18a, 09:04
HIGA Topaketak Gasteizen ospatzen ari dira. IMANOL ARTOLA

Gaur bi irakaspen. Bat: mahai inguru batean gure hizkuntza komunitatearen egoera deskribatu ostean, eta batez ere Tolosaldean euskarak duen egoera azaldu ostean (ezagutza indizea %80tik gorakoa denean eta erabilera ia %60koa, hedabideen sarea, kirol sektore nahikoa euskalduna, …), ea zergatik nagoen kezkatuta galdetu didate. Beste gehienek ez dute guk bezain egoera ona bizi. Haizea alde dugu antza, zein da aitzakia euskaraz ez egiteko?

Bi (euskaldunek emandako lezioa): Euskal Herriko zonalde erdaldunagoetako gazteekin hizketan, beraien batu (ustez) artifizialarekin lotsa dira. Batek esan ez dit ba herri euskaldunenetan gazteleraz egiten duela, lotsatu egiten delako bere euskararekin!

Ez daude euskalkietara ohituta eta gure zonaldeko euskaldun batekin hizketan hasi eta zerbait ulertzen ez badu "barkatu?” galdetzen dutenean, gutarra gaztelerara pasatzeak ematen dien amorruaz hitz egin didate. Euskara praktikatu nahi dute, eta Euskal Herriko zonalde euskaldunekook erdaraz jartzen ditugu, gauza bat bi aldiz ez errepikatzeagatik.

Sarritan nahi gabe egiten dugu. Historikoki erdaraz egiteagatik jaso ditugun begirada txarrengatik, “hobeto euskaraz ez” entzun dugulako edo kaxeroak garelako. Eta berriro esperientzia txarrik ez bizitzeko, txip automatikoz pasatzen gara gaztelerara. Baina, beraiek euskaraz egin nahi eta a ze euskaldunak garena herririk euskaldunenetakook, euskaraz egin nahi dutenak gazteleraz jartzen baditugu. 

Asko ikasi dugu elkarrekin, eta Euskaraldiari inoizko zentzurik handiena ikusi diot gaur. Gure herrietatik ateratzen garenean, inoiz baino biziago erabil dezagun mingaina.

Bizipen bat: Gasteizko plaza batean kide eskoziarrak gaita atera du eta jotzen hasi denean, eskoziar kantu tradizionalekin euskal dantzak dantzatzea lortu dut; une magikoa.

Bigarren bizipena: Taldeko bat Errekaleorren bizi denez, bertan prestatu digute 70 kideoi afaria. Pentsatuko duzuen bezala, ikaragarria izan da: arratsaldetik gauera gu denontzako afaria prestatzeko borondatea azaltzea; gau zoragarrian kalean afaltzea; gaitaz, panderoaz eta albokaz lagunduta dantza egitea… 

Ikusten duzuen bezala, gehiago ari gara ikasten elkarren jakintzatik eta bizipenetatik, teorietatik baino.

Muxu eta estutu mordoa denoi!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!