Bi hitz nabarmenduko nituzke: dibertsitatea eta partekatzea. Bost ordu baino ez dira –gaueko hamaiketan idatzia- eta dagoeneko batzuekin harremana egin dugu eta gure hizkuntzari buruzko elkarrizketa sakonak konpartitu ditugu. Gaur, batez ere, galiziarrekin izan dut harremana eta gure hizkuntzaren berreskurapenean zenbateko antolakuntza aurreratua dugun ohartu naiz. Entzuna nuen, baina gaur beraien hitzetan bizi izan dut.
Afaltzera etorri aurretik –garagardoa baitut alboan- Alidé Sans Arango bailarako kantautorea izan dugu, araniar-okzitanieraz abesten. Une magikoa izan da, ezer ulertu ez arren musikaren hizkuntzan eta komunitate gutxituen artean berbera dugun sentimenduetan elkar ulertu garelako.
Gaurko lehen hitzaldian Gasteizko Udaleko, UNESCOko, Soziolinguistika Klusterreko eta Kontseiluko ordezkarien hitzak entzun ditugu eta bigarren topaketa honen aurrean –duela zazpi urte egin zen aurrekoa- duten emozioaz hitz egin digute. Hizkuntza bat baino gehiago hitz egiten dugunon aberastasuna azpimarratu dute eta “inork ez zidan esan euskaldun izatea zein nekeza dan” Ruperren kantari, “inork ez zidan esan euskaldun izatea ze aberatsa dan” hitzak gehituko nizkioke. Hizkuntza nagusi batean hitz eginda, beste hizkuntzak ikasteko beharrik ez sentitzeak hankamotz uzten dituelako elebakarrak.
Afaltzen hastera noa eta espainiera eta ingelesa –zubi hizkuntzak- praktikatzera. Bihar kontu gehiagorekin etorriko naiz. Bertan ikasia, Euskal Herrira eta Tolosaldera ekartzeko asmoz.
Muxu ta estutu mordoa denoi!