Eguzkitsu hasiko da eguna

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2026ko martxoaren 21a

Ostarte zabalekin hasiko da eguna, eta goizean zehar giro eguzkitsu eta ederra nagusituko da. Arratsaldean aldiz goietan sartuko den aire-hotzak egoera zertxobait ezegonkortu egingo du.

Hodeiak garatu egingo dira, eta ez da baztertzen zaparrada isolaturen bat botatzea. Hala ere, huskeria izango da, eta orokorrean ateri egongo da. Gauean hodeiak ugarituko dira. Hego-haizeak joko du egunaren lehen zatian eta ipar-mendebaldekoak bigarrenean. Hoztu egingo du, eta 18-20 gradu harrapatuko ditugu.

Bihar zerua hodeitsu agertuko da egunaren hasieratik, eta han-hemenka euri txiki modura zaparradatxoren bat edo beste izango da. Hala ere, euri gutxi espero da. Arratsaldeak aurrera egin ahala, pixkanaka atertzeko joera hartuko du, eta azken orduan ostarte batzuk ere zabalduko dira. Ipar-mendebaldeko haizea nagusituko da, eta nabarmen hoztuko du, gehienez 12-14 gradu harrapatuko ditugu.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!