Arratsaldearen hasieran ez da euri askorik espero, baina azken orduetan euritarako joera nabarmen areagotuko da. Haizeak hego-mendebaldetik joko du egunaren zatirik handienean, eta gauean mendebaldera edo ipar-mendebaldera aldatuko da. Hoztu egingo du, eta gehienez 12 eta 14 gradu arteko balioak neurtuko dira.
Bihar giro triste eta euritsuarekin hasiko da eguna; zerua hodeiz estalita egongo da, eta euri-zaparradak botako ditu. Zaparradak tartekatuak izango dira, eta aldian-aldian mardul ere botako du. Eguerditik aurrera, ordea, euria nabarmen gutxituko da, eta arratsaldean zehar oraindik zertxobait busti badezake ere, eguraldia askoz lasaiagoa izango da. Mendebaldeko haizea nagusituko da goizean, eta hego-mendebaldekoa arratsaldean. Hoztu egingo du, eta gehienez 10 eta 12 gradu arteko balioak neurtuko dira. Elur-maila goizean 800 eta 1.000 metro artean kokatuko da.