Arratsaldean zehar, ordea, hodeiak ugarituko dira mendebaldetik barrena, arratsalde erdian fronte bat iritsiko da eta euritara joko du. Zaparradak botako ditu frontea iristearekin batera. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, baina frontea iristearekin batera mendebal/ipar-mendebaldera aldatuko da. Tenperaturak beste koska bat egingo du behera, eta nekez gaindituko dira 11-13 graduak.
Bihar hodei dezenterekin hasiko da eguna, baina ez dute inolako ondoriorik ekarriko, eta giroa lasaia izango da goizean goizetik. Gainera, goizak aurrera egin ahala ostarteak nagusituko dira, eta egunaren erdiko orduak politak izango dira. Arratsalde erditik aurrera eta mendebaldetik barrena hodeiak ugarituko dira. Hego-haizea ibiliko da. Berriz ere hoztuko du, eta gehienez 10-12 gradura helduko da.