Giro euritsua

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2025eko abenduaren 5a

Giro bustiarekin hasiko da eguna, eta euri zaparradak emango dira, lehen orduan mardul botatzea baztertu gabe.

Goiz erditik aurrera pixkanaka euria gutxitzen joango da eta eguerditik aurrera aterruneak luzeak izango dira, eta arratsaldean atertuko du. Gauean hodeiak ugarituko dira, tantaren bat baztertu gabe. Goizeko lehen orduan mendebaldeko haizea ibiliko da, eta gainontzeko orduetan hego-haizea nagusituko da. Tenperatura igo egingo da eta 13-15 graduak harrapatuko dituzte.

Bihar hodei dezenterekin hasiko da eguna, baina hodei hauek apenas utziko duten euririk, eta giro lasaia nagusituko da. Eguerdian eta arratsaldeko lehen orduan ez da baztertzen euri zipriztinen bat botatzea, baina huskeria izango da eta gehienean ateri egongo da. Azken orduetan gainera ostarteak nagusituko dira. Hego/hego-mendebaldeko haize biziaren eraginpean jarraituko dugu. Tenperaturak goraka jarraituko du, eta 16-18 graduan joko du goia.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!