Euritara joko du arratsaldean

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2025eko azaroaren 7a

Goizeko lehen orduetan hodei dezente izango da, eta ez da baztertzen tantaren bat botatzea. Hala ere, goizean zehar giro ateria eta atsegina nagusituko da denean.

Eguerdi eta arratsaldeko lehen orduetan mendebaldetik beste fronte bat iritsiko da, eta euritara joko du. Zaparradak botako ditu, tarteka gogotik gainera, bereziki gauean. Goizean hego-mendebaldeko haizea nagusituko da, eta arratsaldean ipar-mendebaldekoa nagusituko da. Tenperaturak antzeko jarraituko du, eta 16-18 gradu harrapatzera iritsiko gara.

Bihar petral hasiko da eguna; honela, hodeiek zerua estalirik izango dute eta euri giroa nagusituko da. Zaparradak sarri botako ditu, tarteka mardulak izango dira, eta litro politak pilatuko dira. Arratsaldean zehar zaparradak tartekatuagoak eta ahulagoak izango dira, baina ez du atertuko eta giro bustiak jarraipena izango du. Ipar-mendebaldeko haizea nagusituko da, eta tenperaturak koska polita behera egingo du, gehienez 13-15 gradu harrapatuko ditugu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!