Euritarako joera

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2025eko azaroaren 1a

Goizean goizetik hasita zeruan hodeiak nagusi izango dira, eta han-hemenka euri pixka bat izango da.

Ezer handirik ez, hala ere. Eguerditik aurrera euritarako joera handiagoa hartuko du eguraldiak, eta orduan zaparradak ugariagoak eta mardulagoak izango dira. Hala ere, litrotan ez da askorik pilatuko. Goizeko hego-mendebaldeko haizeak ipar-mendebaldekoari emango dio paso arratsaldean. Tenperaturak behera egingo du, eta 18-20 gradutan errendituko da.

Bihar zeru estaliarekin emango zaio hasiera egunari, non tarteka euri txiki pixka bat izango den, eta giro muzina nagusituko da. Arratsaldean ere antzeko joera errepikatuko da, hodeiak nagusituko dira, eta tarteka euri txiki modura zaparradak botako ditu, tarteka bizi xamar botatzea baztertu gabe. Ipar/ipar-mendebaldeko haizea nagusituko da, eta tenperaturak beherako bideari eutsiko dio. Honela, 16-18 graduan errendituko dira balio altuenak.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!