Fronte bat iritsiko da arratsaldean

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2025eko urriaren 4a

Giro atseginarekin hasiko da eguna, non erdi eta goi-mailako hodei batzuk ostarte politekin tartekatuko diren eta giroa atsegina izango den.

Arratsaldean aldiz, joera aldaketa bat emango da. Fronte bat iritsiko da, zerua estaliko da eta euritara joko du. Orokorrean ez da euri askorik espero, baina tarteka zaparrada politak botako ditu. Goizean hego-mendebaldeko haizea nagusituko da, arratsaldean ipar-mendebaldetik finkatuz. Tenperaturak gora egingo du, 22-24 graduan joz goia. Gauean nabarmen freskatuko du.

Bihar hodei askorekin hasiko da eguna eta tarteka-tarteka euri txiki pixka bat izango da, bereziki mendi kontretan. Arratsaldeko lehen orduetan antzeko joera errepikatuko da, non euri txiki moduan zaparrada txikiren bat edo beste izango den. Azken orduetan atertzera egingo du eta ostarte txikiren bat agertuko da. Ipar-haizea nagusituko da egun guztian zehar. Tenperaturak nabarmen behera egingo du, nekez gaindituz 16-18 graduak egunaren erdiko orduetan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!