Tenperaturak gora egingo du

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2025eko irailaren 6a

Giro ederrarekin hasiko da eguna. Goizean goi-mailako hodei fin batzuk ostarte zabalekin tartekatuko dira eta eguraldi eder batez gozatu ahalko da.

Arratsaldearen gehienean antzeko joera errepikatuko da, baina azken orduetan mendebaldetik hodeiak ugarituko dira. Hala ere, ez da euririk espero. Hego-haizeak indarrean joko du egun guztian zehar. Tenperaturak nabarmen gora egingo du, 30-32 graduan joz goia.

Bihar hodei asko agertuko da zeruan goizean goizetik. Orokorrean erdi eta goi-mailako hodeiak izango dira eta tarteka euri tantaren bat edo beste utziko dute, bereziki egunaren erdiko orduetan. Goizean goiz eta azken orduetan giro ateria nagusituko da eta azken orduetan zerua arinago agertuko da. Haizea aldakor antzean ibiliko da, goizean hego ukitu batekin. Tenperaturak behera egin eta 25-27 graduan joko du goia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!