Arratsaldean zehar ostarteak irekiko dira

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2025eko uztailaren 15a

Hodei askorekin hasiko da eguna eta lehen orduetan oraindik han-hemenka euri txiki pixka bat izango da, bereziki mendi inguruetan.

Eguerditik aurrera atertu egingo du eta arratsaldean zehar ostarteak irekitzen joango dira, azken orduetan zerua ia erabat urdin geratuz. Goizean ipar-mendebaldeko haizea nagusituko da, arratsaldean ipar-ekialdetik finkatuz. Tenperaturan ez da aldaketarik emango, 20-22 graduan joaz goia.

Bihar goizean behe-laino pixka bat agertuko da ohiko bailaretan eta hodei baxuren bat edo beste ere ikusiko da, baina eguzkiak azkar batean xurgatuko ditu eta zeru urdina eta giro eguzkitsua nagusituko dira. Arratsaldean ez da aldaketarik emango, ez da apenas hodeirik ikusiko zeruan eta giro eguzkitsu eta ederrak jarraipena izango du eguna amaitu bitarte. Ipar-ekialdeko haizea nagusituko da. Tenperaturak gora egingo du, 25-27 graduan joaz goia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!