Udaberri sasoiko giro ederra

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2024ko maiatzaren 25a

Egun osoan zehar erdi eta goi-mailako hodei batzuk ostarteekin tartekatuko dira, baina hodei hauek ez dute ondoriorik ekarriko eta ostarteak gailenduko direnez, giro lasaia eta atsegina nagusituko da.

Arratsaldearen erdi arte hego-haizea nagusituko da, azken orduetan iparrak muturra sartuko duelarik. Tenperaturak nabarmen egingo du gora, 23-25 graduan joko duelarik goia. 

Okerrera egingo du giroak bihar. Goizean hodeiak nagusi izango badira ere, giro ateri eta lasaia nagusituko da. Eguerditik aurrera ordea, fronte bat iritsiko da mendebaldetik, zerua estali eta euritara joko du. Zaparradak eguna amaitu bitarte emango dira, nahiz eta, ez den euri litro askorik espero. Goizean goiz hego-haizea ibiliko bada ere, goiz erditik aurrera ipar-haizea nagusituko da. Tenperaturak nabarmen behera egingo du, 16-18 graduan joaz goia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!