Inauterietako eguraldi iragarpena

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2024ko ots. 7a, 15:00

Giro nahasia izango dugu bihar eta ostiralean, eta larunbatean okertzera egingo du.

Ostegun Gizenean giro nahasia izango dugu. Goizean erdi eta goi-mailako hodeiak ugariak izango dira, baina giro lasaia izango da eta ateri eutsiko dio. Arratsaldean zehar hodeiek zerua estalirik utziko dute eta ilunabarretik aurrera euri zaparradaren bat edo beste izango da. Hala ere ez da euri askorik egiterik espero. Hego-mendebaldeko haizea zakar edo oso zakar ibiliko da, bereziki egunaren bigarren zatian eta gauean.  Tenperaturak gora egingo du, 16-18 graduan joaz goia.

Giro nahasia izango dugu Ostiral Mehean. Egun osoan zehar hodeiak nagusi izango dira zeruan eta zerua estali xamarrik izango dute. Hodei hauek tarteka euri zaparradaren bat utziko dute egunean zehar, baina zaparradak ugariagoak izango dira goizean eta azken orduetan, non orduan tarteka zaparrada mardulen bat bota dezakeen. Hego-haizeak zakar jotzen jarraituko du eta tenperaturak behera egingo du, 14-16 graduan joaz goia.

Giro kaxkarra izango dugu Zaldunita Bezperan. Egun osoan zehar berriz ere hodeiak nagusi izango dira eta hodei hauek euri zaparradak utziko dituzte. Zaparradak tartekatuak izango dira, baina egun osoan zehar botako ditu eta giro ezatsegina utziko dute. Mendebaldeko haizea bizi xamar ibiliko da eta tenperaturak nabarmen behera egingo du, 10-12 graduan joaz goia egunaren erdiko orduetan.

Giro lasaia izango da Zaldunitan. Goizeko lehen orduetan oraindik euri zaparradaren bat edo beste geratuko da, baina goizak aurrera egin ahala atertu eta ostarte batzuk irekiko dira. Arratsaldean zehar berriz ere hodeiek zerua estaliko dute eta gauean mendebaldetik barrena euritara joko du, nahiz eta ez den euri asko egiterik espero. Goizean hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, arratsaldean mendebaldekoa nagusituz. Tenperaturak behera egingo du 8-11 graduan joaz goia.

Astelenita goizean hodeiak nagusi izango dira zeruan eta hodeiek euri zaparrada batzuk utziko dituzte, nahiz eta, ez den espero euri askorik egiterik. Arratsaldean zaparradak tartekatuagoak eta ahulagoak izango dira, baina ez du erabat ateri egoterik lortuko. Hego-haizea izango da nagusi eta tenperaturak gora egingo du, 10-13 graduan joaz goia.

Goizean eta arratsaldeko lehen orduak arte, nahiz eta, hodeiak nagusi izan zeruan nahiko ateri eutsiko dio eta giro lasaia izango da Asteartitan. Arratsaldeak aurrera egin ahala ordea, hodeiak trinkotu egingo dira eta ilunabarretik aurrera euri zaparradak izango dira, tarteka mardul xamarrak izango direlarik. Hego-haizea nagusituko da, azken orduetan mendebaldu egingo duelarik. Tenperaturak gora egingo du 15-17 graduan joaz goia.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!