Giro hotza

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2023ko urtarrilaren 17a

Egun osoan zehar zerua estalirik egongo da eta euri kontuak izango ditugu. Zaparradak egun osoz emango dira eta tarteka mardul botako du.

Ilunabar aldera lasaialdi txiki bat izango du, baina gauean euriari ekingo dio. Elur-maila goizean 1.000 metrotan kokatuko da, baina arratsaldean 400-500 metrotan botako du, gauean beherago egitea baztertu gabe. Mendebaldeko haizea zakar ibiliko da eta tenperaturak ez dira 4-7ºC-tatik pasako.

Asteazkena, urtarrilak 18

Negu beteko giroa. Egun osoan zeru estalia izango da eta zaparrada giroa nagusituko da, non tarteka mardul botako duen, ekaitzak jo eta kazkabar txikia egitea baztertu gabe. Elur-maila egunean zehar gorabeherekin ibiliko da. Lehen eta azken orduetan 100-200 metrotan kokatuko da, egunaren erdiko orduetan 300-400 metrotan kokatuko delarik. Ipar-mendebaldeko haize zakarra ibiliko da eta tenperaturak jaitsi egingo dira, 2-5ºC-tan joaz goia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!