Eguraldi eguzkitsua berriz ere

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2021eko urriaren 9a

Goizean eguraldi eguzkitsua izango dugu, non goi-hodeiren bat salbu, orokorrean zeruan urdina nagusituko den eta giro ederra izango dugun. 

Eguerditik aurrera ordea behe-hodeiak ugaritzen joango dira eta arratsalde erditik aurrera zerua nahiko zikin agertuko da. Hala ere, ateri eutsiko dio. Goizean haizea aldakor ibiliko da, arratsaldean iparraldekoa nagusituko delarik eta tenperaturak zertxobait behera egingo du, balio altuenak 19-20 graduan errendituz.

Goizean giro motela izango dugu bihar. Hodeiak nagusi izango dira eta ez da baztertzen euri langar pixka bat egitea. Hala ere, lau tanta izango dira eta gehienean ateri eutsiko dio. Eguerditik aurrera hodeiak saretu egingo dira eta ostarte politak zabalduko dira. Haizeak iparraldetik joko du eta tenperatura beste pixka bat jaitsiko da, 17-19 graduan joaz goia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!