Uda sasoiko giroa izango dugu

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2021eko urriaren 2a

Egun osoan zehar erdi eta goi-mailako hodei batzuk ikusiko ditugu zeruan, baina orokorrean urdina nagusituko da eta eguraldi eguzkitsua izango dugu.

Azken orduetan hodei trinkoagoak sartuko zaizkigu, baina inolako ondoriorik gabe. Hego-mendebaldeko haizeak harro joko du eta tenperatura nabarmen igoko da, 26-27 graduan joaz goia.

Nabarmen okertuko zaigu eguraldia bihar. Goizean sartuko den fronte batek zeru estalia eta euri kontuak utziko dizkigu. Euri zaparrada mardulak utziko ditu, non tarteka ekaitzak jo dezakeen eta zaparrada gogorren bat edo beste utzi. Euri gehien goizean eta eguneko erdiko orduetan izango da. Arratsaldeak aurrera egin ahala euria gutxitzen joango da, azken orduetan ateri geratuko delarik. Haizeak ipar-mendebaldetik joko du eta tenperatura nabarmen jaitsiko da, 19-20 graduan joaz goia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!