Tenperatura jaitsiko da

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2020ko urriaren 1a

Giroa kaskartu egingo zaigu gaurkoan berriz ere. Goizaldean sartuko den fronte batek giro estalia eta euria ekarriko dizkigu.

Euri zaparradak gehienbat goizean emango dira eta nahiz eta tarteka mardul bota, ez da espero euri asko egiterik. Arratsaldean pixkanaka atertu eta eguna giro lasaiarekin amaituko dugu. Haizeak ipar-mendebaldetik joko du goizean, arratsaldeak aurrera egin ahala ordea, hego-mendebaldetik kokatuko da. Tenperatura jaitsi egingo da eta maximoak ez dira 19-20 gradutik pasako.

Biharkoan giro makurra izango dugu. Egun osoz zerua oso estalirik agertuko da eta euria izango dugu hizpide. Goizean mardul eta ia etengabe botako du. Arratsaldean aldiz, zaparradak tartekatuagoak izango dira, baina oraindik ere tarteka gogor botako du. Ez da baztertzen ekaitzak jo eta zaparrada gogorren bat edo beste izatea. Haizeak egunsentian hego-mendebaldetik joko du, baina goizean ipar-mendebaldera egin eta asko zakartuko da. Tenperatura maximoak goizean emango dira, 15-16 gradurekin, baina arratsaldean hoztu egingo du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!