Pixkanaka eguraldi atsegina dator

Erabiltzailearen aurpegia Iker Ibarluzea 2019ko irailaren 11

Kaxkarretik hasiko dugu eguna baina orduek aurrera egin ahala hobera egingo du eguraldiak. Goiz partean oraindik ere ipar haizearekin hodei dezente izango dugu zeruan, eta tarteka tarteka euri pixka bat ere botako du.

Orokorrean ez da euri askorik izango, zaparradak atzokoarekin alderatuta dezentez ahulagoak izango dira, baina oraindik ere goizean bustiko du. Eguerditik aurrera hobetzeko joera hartuko du, atertu egingo du eta arratsalde erdi iluntzerako ostartetxo batzuk ere zabalduko zaizkigu, tenperaturak zertxobait goraxeago geratuko dira atzokoarekin alderatuz, eta maximoak 17-19 gradu bitartean errendituko zaizkigu. 

Biharkoan, berriz, eguraldi polita izango dugu. Goiz partean oraindik ere hodei dezente agertuko da eta kosta egingo zaio altxatzea. Halere, euritarako joerarik ez du izango. Beraz, ateri eutsiko dio. Arratsalde partean ipar ekialdeko haizearen laguntzari esker giro eguzkitsuagoa izango dugu, ostarte zabalak izango ditugu eta eguraldi politaz gozatzeko aukera izango dugu. Eguzki ordu gehiago izango ditugunez eta aire epelxeagoa izango dugunez goi geruzetan, tenperaturek ere gora egingo dute eta eguneko erdiko orduetan maximoak 20-22 gradu bitartean errendituko direnez, eguraldi atsegina izango dugu tenperatura aldetik ere. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!