Goiz erdirako, erabat atertuko du eta eguerditik aurrera ostarteak zabaltzen hasiko zaizkigu. Arratsalde partean giro nahiko eguzkitsua geratuko zaigu. Haizeak goiz partean ipar ukitua izango du; arratsaldean ipar ekialdekoa. Eguzki ordu gehixeago izango ditugunez tenperatura maximoek zertxobait gora egingo dute baina oso gutxi, eta egunaren erdiko orduetan 17-19 gradutatik pasatzea kosta egingo zaio termometroari.
Asteburuari dagokionez, larunbatean, eguraldi nahiko polita izango dugu. Goiz partean oraindik ere behe hodei dezente ikusiko ditugu. Zerua nahiko estalirik agertuko zaigu. Ondoren, eguneko erdiko orduetan, ostarteak zabalduko zaizkigu. Arratsaldean, ordu batzuetan, giro argia izango dugu. Eguna amaitzerako, ordea, zerua berriro estalirik geratuko zaigu. Hala eta guztiz ere euritara jotzerik ez da espero eta eguraldi lasaia izango dugu. Haizeak ipar ukitua izaten jarraituko du baina termometroek zertxobait gorantz egingo dute: egunaren erdiko orduetan 20-22 graduetan errendituko dira.
Igandeari dagokionez, eguraldia zertxobait motelagoa izango da. Zeruan hodei gehiago agertuko zaizkigu. Orokorrean zerua estalirik agertuko da eguneko ia ordu gehienetan, nahiz eta eguerdi partean ostartetxo bat edo beste ikus dezakegun. Halere, orokorrean hodeiak nagusituko zaizkigu, eta gainera, hodei hauek lehen eta azken orduetan euri pixka bat utzi dezakete. Oso gutxi, euri langar moduan eta lau tanta, baina nahikoa izango da eguraldia zertxobait moteltzeko. Igandeak, orokorrean, itsura nahiko kaxkarra izango du. Tenperaturak 20-22 gradutan ibiliko dira.