Zazpigarren ilara

'Pikadero'-z tertulia

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Arrastoa 2021ko uzt. 4a, 07:58

Pikadero oinarri hartuta Ainhoa Larrañagak eta Xabier Elizaldek euren iritzia konpartitu nahi izan dute. «Gaztetasunetik» hitz egiten dutela gogoratu diote irakurleari.

Biok lehen aldiz ikusi duzue 'Pikadero'.

Xabier Elizalde: Bai. Pikaderoko planoek Hil kanpaiak filmekoak gogorarazi dizkidate, baita Samuel Becketten antzezlanak ere, azaltzen den abstraktutasunagatik, mugimenduagatik… Pelikula, berez, mantsoa da. Gure egunerokotasunean ez ditugu horrelakoak ikusten. Plano bitxiak dituela iruditu zait. Asko gustatu zait protagonistez gain figuranteek hartzen duten garrantzia, tarteka interesgarriagoa iruditu zait haiek egiten zutena. Komedia uneak ere baditu, esaterako umea piruletarekin edota txakurrari tiraka agertzen direnak. Barbara Goenagak Joseba Usabiaga seduzitzeko duen modua ere barregarria da.

Ainhoa Larrañaga: Ordu eta erdi irauten du filmak, baina ez da arina. Isiltasunarekin asko jolasten da eta erritmo motela du. Nik nire gaztetasunetik egiten dut kritika eta hori kontutan hartuta esan beharra daukat 30 segundu baino gehiagoko plano orokorrak sostengatzea kosta egiten zaidala, ohituta bainago abiadura azkar eta estimulu gehiago jasotzera. Noizean behin gertuko planoak faltan bota ditut aktoreen interpretazioaren matizak hobeto ikusteko, haien interpretazioa gertutik begiratzeko. Gidoia asko gustatu zait eta dituen detailetxo batzuk ere bai. Bibotearena, esaterako. Eskoziar batek idatzi eta zuzendu duen arren umore euskalduna du filmak. Krisi ekonomikoa erakusteko modua ere interesgarria da, diru faltagatik Gorka eta Anek sexu harremanak mantendu ezin dituztelako. Diruaz aparte, Gorkak ere baditu bere arazo pertsonalak..

Elizalde: Ez dakigu zer pasatzen zaion burutik.

Larrañaga: Zalantzak ditu Anerekin egon daitekeen ala ez jakiteko, bere buruarekin ere ezin baitu ondo egon. Lander Otaolak egiten duen pertsonaia ere eszentriko xamarra da.

Pertsonaien eta aktoreen adina bat datozela iruditzen zaizue?

Larrañaga: Zuzendariak aktore horiek nahiko zituen, haien interpretatzeko modua, eta ez zion gehiegi axolako adinak. Adin horretako pertsona bat gurasoen etxean sartuta ikusteak kontraste interesgarria ematen zion.

Elizalde: Ni ez nau hainbeste harritu adinaren kontuak, tarteka egiten dira horrelakoak. Hala ere, kontutan hartzen badugu gazteon egoera… karrera bat amaitu ondoren master pila bat egin ditzakezu lanik aurkitzen ez duzulako. Gorka praktikak egiten ari da, adibidez.

Larrañaga: Hori da, eta Ane Artearen Historia ikasi ostean ingelesarekin dabil, eta kanpora joateko asmoa du.

Esateko ezer geratu al zaizue?

Elizalde: Esan dudan guztia nire iritzi pertsonala dela. Gazteak gara eta perspektiba horretatik ari gara hizketan. Ez gara Leonardo DiCaprio batzuk.

Larrañaga: Gure iritzi xumea ematen saiatu gara, besterik ez.

 

PIKADERO

 

Zuzendaria. Ben Sharrock.

Aktoreak. Joseba Usabiaga, Barbara Goenaga, Lander Otaola, Itziar Lazkano, Zorion Eguileor eta Peio Arnaez.

Ikusgai. Filmin plataforman.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!