Zazpigarren ilara

«Norberak borrokatu behar du norbere ametsak lortzeko»

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Arrastoa 2021ko uzt. 4a, 07:59

Gaurkoan EITBren Go!azen eta Altsasu produkzioei esker ezagutu ditugun bi aktore gazte gonbidatu ditugu.

AINHOA LARRAÑAGA

Aktorea izateaz gain abeslaria ere bada: Eskuminak diskoa atera zuen iaz eta bigarren diskoa sukaldatzen ari dela dio. Telebistan Kantugiro saioan agertu zen lehenengoz, baina Go!azen telesailean egindako lanari esker lortu zuen orain duen ikusgarritasuna. Handik aurrera Servir y proteger eta El internado telesailetan ere izan ditu partehartzeak. Gaur egun Madrilen dabil formakuntza jasotzen Work in Progress eskolan.
 
XABIER ELIZALDE
 

Iruñeako aktorea, Altsasu telesailari esker ezagutu genuen gehienok. TAE eskolan jaso zuen formazioa, Gipuzkoako hiriburua Nafarroakoarengatik aldatuz, baina oraindik gehiago ikasteko asmoa du eta Madrilerako bidea hartuko du datorren ikasturtean. Bikoizketarekiko interesa ere baduela aitortu du. Ostalaritzan lan egiten du lagun batekin ireki berri duen Donostiako Nevada tabernan.
 
Zein izan zen zuen lehenengo lan profesionala?
 
Ainhoa Larrañaga: Go!azen telesaila.
 
Xabier Elizalde: Nik makina bat film labur egin ditut, batzuk kobratu gabe egindakoak eta besteak erdi-profesionalak zirenak… Baina benetako lan profesionala Altsasu telesaila litzateke.
 
Lanean izandako anekdotarik kontatuko?
 
Elizalde: Nik badut une barregarri bat Altsasu telesaila grabatzen ari ginela. Itziar Atienza aktoreak nire pertsonaiaren abokatuaren papera egiten zuen eta epaiketari buruzko sekuentzia bat grabatzen ari ginela eskaera bat egin genion Mikel Alvarez zuzendariari: esan beharreko testua amaitzean grabaketa moztu aurretik zerbait inprobisatzeko momentu bat uztea. Onartu zuen gure eskaera eta berriro grabaketari ekin genionean nire pertsonaiak zer esan zezakeen pentsatu nuen, banekien Aritzek robotika ikasten zuela eta hori burura etorri zitzaidanean, horrelaxe erantzun nion Itziarri: «Joe, eta bihar azterketa». Zuzendariak «Hasta otra, Marlon Brando» erantzun zidan. [Barreak].
 
Ainhoa Larrañaga: «Ez dut neure burua justifikatu nahi euskaraz fikzioa egiteagatik» 
 
Larrañaga: Nik badut lanetik kanpo izandako anekdota bat buruan. Go!azen telesailaren hirugarren denboraldia bukatu berri genuen, urte sabatiko bat nuen aurretik eta nire diskoa kanporatzear nengoen. Gabon Zahar gaua zen eta Hernanin sekulako festa zegoen. Taberna bateko komunean sartu nintzenean ezagutzen ez nuen emakume heldu batek «ei, aizu!» egin zidan garrasi. «Etorri hona orain!», jarraitu zuen eta nik ea zerbait oker egin ote nuen galdetzen nion neure buruari. Aurrez aurre begiratu eta Go!azenen laugarren denboraldiari buruzko bere kritika egiten hasi zitzaidan, agresiboki ez zitzaiola gustatu esan zidan eta erreseña luze bat egin zuen horren inguruan. Nik atsegin entzun nion baina jo egingo ninduela pentsatu nuen.
 

 
Zein da euskal fikzioaren inguruan duzuen ikuspegia?
 
Elizalde: Euskal herritarrek euskal fikzioarekiko kritika positiboa dutela uste dut. Egur handia eman dugu Alardea, Hondar ahoak eta Altsasu telesailekin eta beharrezkoak dira horrelakoak. Aktoreok gogo handia dugu lanerako, merezi dugula iruditzen zait eta borrokatzen ari gara. Behin ikasketak amaituta lanera irten behar dugu ofizioa ikasteko. Maiz faltan sentitzen dut Euskal Herrian bestelako ikasketa eszeniko batzuk ez izatea, egiten dira tailer modukoak, baina gehienak Madrilera edota kanpoko beste hiri batzuetara joaten dira ikasten jarraitzera. Hemengo aktoreok oso langileak garela ikusi dut eta batez ere gure hizkuntzarekiko dugun konpromisoa altua dela deritzot. Askotan iristen zaizkigu gidoiak hikaz edota euskalki ezberdinetan… ez dut esan nahi euskaldunak ez diren aktoreak langileak ez direnik, baina bai guk behintzat gogor egiten dugula lan.
 
Larrañaga: Pizten edota berpizten ari garela iruditzen zait niri. Azkenaldian atera diren fikzioak oso kalitate onekoak dira. Xabierrek dioen bezala, hemengo aktore askok kanpora joatea ikusten dugu irtenbide bezala eta hori, noski, dirutza da. Potentzial handia dugula uste dut eta erakusteko asko dugu oraindik. Mitologia eta kultura oso aberatsa ditugu eta horietan gehiago sakondu genezakeela iruditzen zait istorio berriak azaltzeko. Euskara eta gaztelania nahasten diren film gehiago ere ikustea gustatuko litzaidake niri. Gaztelaniaz eginda dagoen El hoyo euskal filmak gure zinemagintza internazionalizatu egin zuen, gure irudia mundura eraman zuen.

 

Xabier Elizalde: «Gure ametsak lortzeko bidean, gure detaile txikiak dira handi egingo gaituztenak» 
 
Elizalde: Handia filmak ere sekulako oihartzuna izan zuen. Duela gutxi egindako Ane eta Akelarre filmek ere bide bera jarraitu dute eta oraindik badugu gehiago emateko. Kontutan eduki behar da aktoreok ez garela ezer atzeko talderik gabe.
 
Larrañaga: Kulturan gehiago inbertitu beharra dago. Sortzaileei diru-laguntza gutxi ematen zaizkie eta beti trabak jartzen zaizkie. Ezin duzu proiektu arriskatu bat aurrera eraman pertsona ezaguna ez bazara, eta hala izanda ere… originaltasuna ez da erakargarriegia dirua jartzen dutenentzat. Formatu txikiko telesailek egoera zaila dute. Nahiak telesailean parte hartu nuen eta halako produkturik ez dut ikusi inoiz… Larrugorritan telesaila egin dutenak ere hor daude. Espainian Venenori esker transexualitatearen gaia mahai gainean jarri da, baina ezin da inondik inora alderatu proiektu horren diru kopurua gurearekin. Betikoan inbertitzeak frustraziora garamatza. Gidoilari on asko ezagutzen dut haien testuak ezin saldu ibiltzen direnak. Gidoiak unibertsalak ere izan daitezke, ez dute zertan egoera politiko konkretu baten ingurukoak izan behar. Halakoak ere beharrezkoak eta garrantzitsuak dira, baina istorio gehiago azal ditzakegu. Fikzio berri osoak egiteko gai gara, batzuetan badirudi dokumental fikzionatuak egin behar ditugula soilik. Ez dut neure burua justifikatu nahi euskaraz fikzioa egiteagatik eta istorio unibertsal horiek azaltzeak aukerak zabaltzen dizkit. Adibide berarekin jarraitzearren, Nahiak telesaia euskaraz dago egina eta, aldi berean, hizkuntzak ez du pisurik, ez du zertan euskalduna izan behar.
 
Nolakoa da gazteon etorkizuna euskal zinemagintzan?
 
Elizalde: Ni ez naiz geldi egoten den horietakoa, 18-19 urterekin Donostiara joateko erabakia hartu nuen bertan aukera gehiago izango nituela pentsatzen nuelako. Errepresentantea izatea garrantzitsua da, baina norberak borrokatu behar du norbere ametsak lortzeko. Iristen zaizkidan castingak pila bat prestatzen ditut lana eskuratzeko aukera garbiak direlako, aurreko egunetan testua ikasi eta ikasi aritzen naiz, nire ingurukoek proposatzen dizkidaten planei ezezkoak emanaz. Hala ere, gure ofizioan ezezko asko jasotzen ditugu eta beti lanean jarraitu beharra daukagu.
 

Larrañaga: Ados nago Xabierrekin. Ipurdia mugitu beharra daukazu aktorea bazara. Maiz doan egin behar izaten ditugu lan asko eta ikasten jarraitzeko aukera gisa hartu. Gero casting bat egiten duzunean dituzun kartak erakutsi behar dituzu, oso prest egon beharra daukazu bai mentalki bai fisikoki. Ofizio honetan sartuta gabiltzanok pasioa badaukagu eta arriskatu egin nahi dugu, askotan zaila da baina gure lana sekulako gozamena da. Gure ametsa da. Guk gure lana baloratzen dugun bezala besteek ere hala baloratzea izugarria da.
 
Elizalde: Esaldi honekin ere erantzungo nizuke: «Gure ametsak lortzeko bidean, gure detaile txikiak dira handi egingo gaituztenak».
 

MOTZEAN

AINHOA LARRAÑAGA


Pelikula. El cisne negro eta Climax.
Generoa. Thriller psikologikoa eta zientzia fikzioa. Orokorrean, fantasia puntu bat duten filmak gustatzen zaizkit.

XABIER ELIZALDE


Pelikula. Sin limites eta Origen.
Generoa. Behin bukatuta buruari bueltak ematen uzten didaten pelikulak gustatzen zaizkit.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!