'Errementari' filmeko jantziak Nerea Torrijosek eginak dira, orain gutxi emakume berak Goya saria eskuratu du 'Alekarre' filmean egindako lanagatik.
Patricia Albizu. Bai, ehunduren trataera eta koloreak oso ondo daudela iruditzen zait. Karakterizazioari dagokionez, demonioari dagokion proposamen artistikoa ez dut guztiz elkarbanatzen: deabru tipiko bat ageri da eta nahiz eta badakigun benetan existitzen ez direla eta sekula ez ditugula gure begiekin ikusiko, pertsonalki, beste bide batetik helduko nioke demonio horren estetikaren sorkuntza prozesuari.
Patricia Albizu: «Demoniori dagokion proposamen artistikoa ez dut guztiz elkarbanatzen»
Mirena Nafarrate. Orokorrean filmetan mitologia lantzea asko gustatzen zait, euskal mitologiak badu-eta zerbait magikoa. Kasu honetan txikitatik entzun dugun errementariaren ipuina azaltzen da eta XXI. mendean horretan atentzioa jartzeak badu meritua. Pertsonaia hori orainaldira ekarrita «zer da errementari bat gaur egun?», galdetuko nuke. Ni eraberritzearen aldekoa naiz. Gainera, baditugu sorginez aparte hainbat emakumezko pertsonaien istorioak oraindik azaltzeko: Mari, lamiak…
P.A. Zer gertatuko litzateke mitologiaren hondarrak orainaldian erabiliko bagenitu? Mirenak esan duen bidetik jarraituz, nortzuk dira gaur egungo sorginak?
Mirena Nafarrate: «Baditugu sorginez aparte hainbat emakumezko pertsonaien istorioak oraindik azaltzeko»
M.N. Karlistekin hasten da filma eta istorioak berak horren beharrik ez duela iruditzen zait.
P.A. Euskal Herriko arropa biltegi guztiak karlisten uniformez beteta daude. Eta baita ardi-larruz ere! [Barreak].
M.N. Neska txikiak oso ondo egiten duela iruditzen zait, berari buruz gehiago jakin nahi nuen. Errementaria Usueren aita den ala ez zalantzan jartzea ideia ona dela deritzot eta elkarren artean duten erlazioa polita iruditzen zait.
P.A. Une komikoak ere badaude lurreko zepoekin…
M.N. Eta Itziar Ituñoren pertsonaiak senarrari ematen dizkion belarrondokoekin ere bai. Matriarkatu itxura izan dezakeen familia horren atzean betiko patriarkatua dago.
P.A. Guztiz ados.
M.N. Neska txikia errementariaren etxean sartzen denean tentsioa handitzen da, kaiolan mutiko bat daukala ikusten delako. Hala ere, behin demonio bilakatzen denean beldurra baino grazia sortzen dio ikusleari.
P.A. Hori zuzendariaren erabakia da ziur, umore puntu hori modu horretara jokatu nahi duelako.
Paul Urkijo Alex de la Iglesiaren baliokide euskalduna al da?
M.N. Nire ustez, Paulek euskal mitologia eta beldurra nahastu egin nahi ditu eta sortzen den hori euskaraz azaldu.