Zazpigarren ilara

«Iragana begiratzeaz gain, orainaldiari ere so egitea garrantzitsua da etorkizuna alda dezagun»

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Arrastoa 2021ko mai. 9a, 07:58

Mirena Nafarrate eta Patricia Albizu. ATARIA

Gaur Zazpigarren Ilara-n ditugun bi artistek goi-mailako antzerki ikasketak egin ahal izateko Euskal Herritik Kataluniara joatera behartuta ikusi zuten beraien burua: Mirena Nafarrate eta Patricia Albizu.

MIRENA NAFARRATE, 1993. GASTEIZ.

Aktorea eta abeslaria, hainbat laburmetrai egin ditu, tartean Tua, zinema ikasten duen bere ahizparekin batera garatutako proiektua, alegia. Kataluniako Antzoki Nazionalean (TNC) Esquerdes parracs enderrocs antzezlanean aritu zen lanean Jordi Oriol eta Carlos Santosen zuzendaritzapean. Orain postprodukzioan dagoen Larrugorritan web-seriean casting zuzendari eta aktore zuzendari gisa ibili da. Bere azken lana Iciar Bollain zuzendariaren Maixabel luzemetraian izandako parte-hartzea izan da.

 

PATRICIA ALBIZU, 1988. MARKINA-XEMEIN.

Sorkuntza kolektiboak gogoko dituen eszenografa eta figurinista, milaka proiektu ezberdinetan hartu du parte. Jose y sus hermanas konpainiaren parte da; honako konpainia Kataluniako kritikaren sarietan izendatuta dago Explore el Jardín de los Cárpatos antzezlanarekin, azken joeren hautagai gisa. Alex Rigolarekin ere lan egin du, besteak beste. Nathy Pelusoren eta Maria Arnal&Marcel Bagesen set-design-a burutuz. Bi artista hauen jantziak ere bere eskuetatik pasa dira. TV3en eskaini zen Benvinguts a la familiako atrezzista ere izan zen.

 

Non ikasi duzue?

Mirena Nafarrate. Gasteizko Ortzai eskolan hasi nintzen hamasei urte nituela. Gero hemezortzirekin antzerki proba ezberdinak egin nituen Milan eta Londresen, eta azkenean Bartzelonako Institut del Teatren onartu ninduten. Orain Liceu kontserbatorioan nago gitarra eta ahotsa lantzen.

Patricia Albizu. Diseinuan gradua egin nuen Bartzelonako Elisava eskolan. Horrez gain, Institut del Teatren egindako beste gradu bat ere badut: Eszenografia, jantzitegia eta argiztapena. Gero graduondokoa egin nuen teknologia eta eszena digitalean.

Zein izan zen zuen lehenengo lan profesionala?

M.N. Zineman, Maixabel. Antzerkian, Esquerdes parracs enderrocs.

P.A. Alejandro Curielek zuzendutako Propiedad Privada (P/P).

Laneko anekdotarik izango duzue…

P.A. Nathy Pelusoren azken CDko azalean ura ageri da lurrean. Egitura txiki bat sortu eta urez erraz bete genuen, baina gero husteko sekulako komeriak izan genituen… Ehun litro ur ez dira erraz lurruntzen. [Barreak].

Mirena Nafarrate: «Gazteentzako fikzioren bat ikusi nahi dut, umoretsua, egungo gai sakonekin» 

M.N. La importancia de llamarse Frank emanaldian aktore batek tarta bat botatzen zidan aurpegira eta jarraian zerbait esan behar nuen, baina nire kidea barrez hasi zen eta ni halabeharrean... begiak ezin ireki. Azkenean ni ere barrez hasi nintzen egoeragatik.

P.A. Badut beste anekdota bat. Benvinguts a la familia telesailean hildako gorpu bat agertzen zen. Egun batean, grabatzeko bi unitate ginela, gorpua lokalizazio batetik bestera eraman behar genuen eta auto baten atzealdean sartzeak beldurra ematen zigun, bidean norbaitek ikusi eta benetakoa zela pentsatzen bazuen ere. Azkenean gidariaren ondoan ipini genuen gerriko eta guzti. Eguzkitako betaurrekoak ere jarri genizkion… [Barreak].

Zein da euskal fikzioarekiko duzuen ikuspuntua?

M.N. Borroka armatua Euskal Herriko historiaren parte da, baina horrez gain gauza asko gertatu dira. Ongi dago horri buruz pelikulak egitea, baina betiko ikuspuntu berdinetik egin ordez, interesgarria litzateke ikuspuntu ezberdinetatik azaltzea. Eta aldi berean, ondo legoke Euskal Herriak dituen beste mila gai lantzea ere. Gazteentzako zerbait, umoretsua, egungo gai sakonak azaltzen diren fikzioren bat ikusi nahi dut.

P.A. Bai, ni ere bide beretik noa. Euskal fikzioak gertatutakoaren berrikusketa egin ohi du eta zinemak, eta baita antzerkiak ere, ez du horretarako soilik balio: etorkizunerako pentsaera sorraraz dezake edota orain gertatzen ari diren gaien inguruan dikotomia agerraraz diezazuke. Iragana begiratzeaz gain, orainaldiari ere so egitea garrantzitsua da etorkizuna alda dezagun.

Patricia Albizu: «Gustura gaude Bartzelonan, baina gure lurraldean ere lan egin nahi dugu»

M.N. Badirudi euskaldunon irudia denbora guztian borrokan dabiltzan astakiloena dela. Istorio polit eta sakonak azaltzeko izango ez bagenitu bezala!

Nolakoa da euskal artista gazteen etorkizuna hemen, Euskal Herrian?

P.A. Gordina, nirea behintzat. Nik Bartzelonan badut lana, antzoki ezagunetan nabil lanean eta dagoeneko sartu dut muturra sektorean, baina egia da ez dakidala nola egin gauza bera Euskal Herrian.

M.N. Ez dago gazteentzako serierik eta orain egiten diren filmak zahartuta daude, bertako pertsonaiek berrogei urte baino gehiago baitituzte. Horri zailtasun bat gehitu behar zaio: emakumezko pertsonaien falta. Euskal fikzioan ageri diren pertsonaia gehienak gizonezkoak dira. Orain hasi dira Itziar Ituño, Miren Gaztañaga… bezalako emakumeak pisu gehiago hartzen. Errementari filmean bertan, emakume oso gutxi ageri da eta haien rolak gizonen inguruan daude sortuta. Gazterik ere ez dago filmean. Proiektu berri bat sortzen baduzu, derrigor ETBra aurkeztu beharra daukazu diru laguntzak eta babesa eskatuz, baina nire ustez ez dute gazteen aldeko apustua egiten. Eta Go!azen telesailak ez dit balio, hogeita bost eta hogeita hamabost urte artean dauden gazteez ari bainaiz. Patriciak dioen bezala, euskal antzerkian muturra sartzea zaila da zirkulu itxia delako eta are gehiago kanpoan bizi bazara. Ni hara itzul naiteke bizitzera, baina inork ez nau ezagutzen. Euskal zineman sartzea errazagoa dela deritzot errepresentante baten laguntzaz.

P.A. Gustura gaude Bartzelonan egonkortasun bat lor dezakegulako, baina gure lurraldean ere lan egin nahiko genuke.

M.N. Euskaldunak gara eta gure kulturaren inguruan ere lan egin nahi dugu. Beste aukera bat da Katalunian prestatu ditugun emanaldiak Euskal Herrira eramatea…

P.A. Explore el jardín de los Cárpatos Euskal Herriko antzokietan erakutsi nahi dugu, ea elkarrizketa honek hori lortzeko bidea errazten digun! [Barreak].

M.N. Ni Euskal Herritik Kataluniara antzerkia ikastera joan nintzen duela zortzi urte. Orain Dantzerti eskola dago Bilbon, baina orduan ez zegoen goi-mailako ikasketarik. Batzuk Madrilera ere joaten dira…

P.A. Ni ere berdin. Gainera oraindik ez dago nik ikasi dudanaren pareko ikasketarik Euskal Herrian. Han nire arlo berean lanean dabiltzan pertsona ez dakit non egin dituzten euren ikasketak.

 

MOTZEAN

 

Zuzendari bat?

M.N. Nacho Vigalondo.

P.A. Philippe Quesne.

Aktore bat?

M.N. Julie Andrews, Ramon Barea, Ivan Massague, Frances McDormand…

P.A. Asier Etxeandia.

Serie bat?

M.N. Ratched eta Dark.

P.A. Bridgerton. Sex Education, Cuento de la criada eta Euphoriako jantziak ere oso ondo eginak daude.

Genero bat?

M.N. Komedia eta drama.

P.A. Beldurra izan ezik, edozer.

Pertsonaia bat?

M.N. Mary Poppins. Nik egiteko bada, erregina bat.

P.A. Garai bateko jantziak daramatzan bat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!