Telebistan estreinatu zenean ikusi nuen 'Anfitrioi Berezia' filma.
J.U.: Nik zineman ikusi nuen, ziur nago.
I.L.: Nik ikusita neukan, baina ez nago ziur noiz. Esan beharra daukat pelikulak ikusteko oso txarra naizela, zineman ikusi behar ditut, etxean lo hartzen dut eta.
J.U.: Aurrekoan esan zidan Handia ez duela oraindik ikusi…
I.L.: Ikusi nuen! Bi zatitan: lehenengoan lo hartu nuen. [Barreak].
J.U.: Nik 2005etik, Aupa Etxebeste! estreinatu zenetik, euskarazko film guztiak ikusi ditut, ziur nago. Anfitrioi Berezia tartean. Dokumental bat edo beste agian ez… Pelikula bat ikusten dudanean, batez ere, aktoreen lana ikusten dut. Hobea ala okerragoa izan daiteke filma, baina interpretazioari begiratzen diot, tartean gainera lagun batzuk nituen. Bere garaian gustatu zitzaidan, baina egia da ez zidala halako eraginik utzi. Thriller bat da eta hilketa baten inguruko film bat da, gustura ikusi nuen baina urteak pasa ahala ahaztua geratu zitzaidan.
I.L.: Ni ere Josebak esandakoarekin ados, aktoreen lana da nire ustez aipagarriena. Jende ezaguna tartean dago, gainera. Ni ez naiz inolako aditua zineman, baina euskal fikzioa ikusten dudanean zera gertatzen zait, aktoreen interpretazioa begiratzen dudala. Elkarrizketei ere erreparatzen diet. Interesgarria da aktore horiek beste erregistro batean ikustea. Filmaren istorioak ez nau guztiz erakartzen, baina horrekin ez dut ezer txarrik esan nahi. Denetatik egon behar duela uste dut.
J.U.: Euskal zineman Anfitrioi Berezia ez dut uste hit edo top bat denik, baina pelikula duina da. Nolatan proposatu diguzu film hau elkarrizketarako? Ezagutzea bakarrik!
I.L.: Ez da oso ezaguna, ez.
J.U.: Aktoreon mundutik kanpo jende askok ez du ezagutuko.
Plataforma ezberdinetan eskuragarri dauden euskal fikzioak proposatzen ditut, jendea erakarriz gero ikusteko aukera izan dezaten. Euskal thrillerra izateak ere asko erakartzen nau… ‘Balbemendi’ seriea izan genuen bere garaian, baina halakorik ez dugu berriro izan.
I.L.: Nik antzerki ikasketez aparte Historia ere ikasi nuen, eta arkeologo bezala aritu nintzen lanean pare bat urtez eta arkeologia-auzolan batzuen inguruan egindako film bat egin behar zutela entzun nuenean interesa piztu zidan. Egia da gero ikusi nuenean gaian gehiago sakontzearen falta sumatu nuela.