Zazpigarren ilara

«Egiten dugun lana oso fisikoa da eta gorputzak bere mugak ditu»

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Arrastoa 2021ko api. 11a, 07:59

Gaurko Zazpigarren Ilaran zirkuan jo eta su lanean dabiltzan Tolosaldeko bi aktorerekin bildu gara: Joseba Usabiaga eta Iraitz Lizarraga. Elkarri adarra joz, euskal fikzioaren hariari tira eta tira aritu dira.

IRAITZ LIZARRAGA


Antzerkian Pikor, Hortzmuga eta Txalo konpainiekin lanean aritu da Lizarraga, besteak beste. Zineman eta telebistan gutxi aritu bada ere, ezin da ahaztu Martin telesailean lanean aritu zela. Ipuin kontalari gisa maiz ibilitakoa, Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoekin aritua ere bada. Gaur egun, Gure Zirkuan dabil trapezista gisa.

JOSEBA USABIAGA


Goenkale telesailean ezagutu genuen gehienok, hamaika urtez telebistan Tximista pertsonaiari bizia emanaz. Zineman, Handia eta Pikadero filmak ere egin ditu. Oroitza-penak monologoarekin herriz herri aritua, orain Iker Galartzarekin batera Gure Zirkuan dabil showman gisa. Azkena, El internado: las cumbres seriean egindako parte-hartzea.

 

Duela gutxi ikusi dut ‘Pikadero’ Filmin plataforman, ez nuen lehendik ezagutzen.
Joseba Usabiaga: Donostiako Zinemaldian aurkeztu zen, berezia da eta oso kuttuna dut. Handia filma egin banuen, aurretik Pikadero egin nuelako izan zen; izan ere, Moriartitarrek beste erregistro batean ikusi ninduten lehen aldiz eta haien filma egin nezakeela pentsatu zuten.

Non ikasi duzue antzezten?
Iraitz Lizarraga: Nik lehen urteak Donostiako TAEn egin nituen. Gerora, Bartzelonako Moveo eskolan jarraitu nuen eta Institut del Teatren egin nuen doktoretza. Rogelio Rivelen zirku ikasketak egin nituen beranduago. Makina bat ikastaro ere egin ditut… Bartzelonan Berty Tovias eskolan ere ibili nintzen.
J.U.: Nik ez dut ikasi. Unibertsitatean Ekonomia ikasi nuen eta antzerkia, eginez ikasi dut. Teknika falta zait. Hamabost urte nituela Iker Galartzarekin batera sortutako talde batekin herriz herri joaten ginen, plazaz plaza, pailazo bezala Poxpolo, Mokolo eta konpainia eta horrelakoekin. Hemezortzirekin Goenkale telesailean sartu nintzen eta zortez ezin izan dut urtebete ere hartu ikasketak egiteko.

Beraz, ‘Goenkale’-ri esker jaso zenuen lehen soldata. Zein izan zen zure lehenengo lana, Iraitz? 
J.U.: Plazetan ere irabazten genuen dirua, lau ardo hartzeko adina bai! [Barreak].
I.L.: Zenbat irabazten zenuten?
J.U.: Mila pezeta, edo bi mila… horrela hasi ginen. Duinak izan behar dugu, doan batzuetan egin izan ditugu lan-kolaborazioak direla-eta, baina herriek zerbait ordaintzen zuten, bai.
I.L.: Nire lehenengo lana eskolan egindako casting bati esker lortu nuen, Pikor konpainiarekin. Esperientzia oso polita izan zen, Agurainen lau hilabetez bizitzen eta antzezlan bat sortzen egon ginelako. Etxea jartzen ziguten eta gainera soldata ordaindu, sekulako zortea. Gazteei bideratutako lana zenez arrakasta izan zuen, astean lau emanaldi egiten genituen. Horrez gain, Txirri, Mirri eta Txiribitonekin egiten nuen lan.

Iraitz Lizarraga: «Aktore gazteak zorrotzagoak dira duintasunari dagokionez»


Makina bat proiektutan aritu zarete, anekdota sorta izango duzue.
J.U.: Bai, asko. Burua hutsik geratu, kideari laguntza eskatu beharra… Adibidez, Iraitz trapeziora igotzen denean azpian koltxoneta jartzea ahaztu izan zaigu –Gure Zirkuaren ikuskizunean–.
I.L.: Hori egia da!
J.U.: Horrelako hanka-sartzeak tarteka gertatzen dira. Ehun emanalditik bost aldiz ahaztu zaigu koltxoneta ipintzea.
I.L.: Eta beste laurogeita hamarretan gaizki jartzen didate.
J.U.: Bai, hala da. Apropos egiten dugu… Behin zera esan zigun, hurrengo egunean bere gurasoak zirela etortzekoak eta koltxoneta ondo jartzeko. Egun hartan ondo jarri genuen.
I.L.: Nik uste normalean publikoak ez dituela akatsak ikusten.
J.U.: Oso larriak ez badira, ez. Larririk ez zaigu askotan gertatu… Behin argindarra joan zitzaigun Zumaian, publikoari gertatutakoa jakinarazi eta konpainiako magoak truko batzuk egin zituen jendea entretenitzeko argia berreskuratu genuen arte.


Emanaldi berria prest duzuela entzun dut…
J.U.: Datorren urtean orain daukagun emanaldiarekin egingo dugu bira hiru hilabetez, baina udararako dena aldatzea pentsatzen ari gara. Trapezioa guztiz kenduko dugula uste dut… [Barreak].
Orain ia berrogei urte ditut eta hemendik hamabost urtera ez dut neure burua aurkezpenak egiten ikusten. Oso lanpetuta ibili gara, urtean ehun emanalditik gora eginaz eta norbera azkenean nekatu egiten da. Etapa honek bere bukaera ere izango du. Hala ere, beti dago lana, krispetak egiten edo jendea bere eserlekura laguntzen…
I.L.: Guztiz ados. Egiten dugun lana oso fisikoa da eta gorputzak bere mugak ditu. Trapezista, kontortsionista, telak egiten dituena… Guztiok berrogei urteren inguruan gabiltza, limitean.

Joseba Usabiaga: «Aktoreok [...] antzerkia eginez defendatu behar dugu geure burua».

Euskal fikzioan murgiltzearren, zer falta zaio?
I.L.: Zinema nahiko osasuntsu daukagula uste dut, bada arriskatzen duen jendea eta ahal den neurrian lanean dabiltza. Nik telebista ikusten dut geldirik, kanpoan egiten dena kopiatzen dutela iruditzen zait.
J.U.: Telebistak mila esperimentu egin ditu fikzioan, azkena gizarte gaiez hitz egitea. Alardea, Altsasu, Hondar ahoak… Denak gizarte gaiak landuz. Telesail arruntak ere egin dituzte: Martin, Goenkale… Audientziei begira dago telebista beti eta fikzio merkea egin nahi dute. Ur Handitan egitea hamar aldiz merkeagoa da, eta audientzia berdina emango dizu, edo gehixeago. Orduan zein da apustua? Fikzioaren aldeko apustua egitea gizarte gaiak landuz edo gai horiek beste produktu merkeago batzuen bitartez lantzea?


Garestia delako da horren zaila fikzio bat denbora luzez mantentzea?
J.U.: Bai, presupuesto bat dauka ETBk ekoizpena egiteko. Helburua gizarte gaiez hitz egitea bada, Ur Handitan programak aukera hori ematen dizu eta fikzio bat baino merkeagoa da. Badakit neure buruari harrika ari naizela, aktorea naizelako, baina ETBko produkzio-buruarentzat diru publikoarekin horrelako erabakiak hartzea ez da erraza.


ETBk ez badu inbertitzen, zein da fikzioak izan dezakeen babesa? Zein da egoera honen soluzioa?
J.U.: Antzerkia egitea. Bertsolariek telebistan Hitzetik Hortzera dute eta horrez gain plazaz plaza ibiltzen dira. Aktoreok telesail bat edo bi bagenitu gure lana egiteko, oso ondo, baina antzerkia eginez defendatu behar dugu geure burua. Ezinezkoa da aktore guztiok telebistan lanean aritzea, bestela bertsolari guztiek ere berbera eskatuko dute, dantzariek ere bai…


Norbaitekin lan egiteko gogoz zaudete konkretuki?
I.L.: Beti pentsatu izan dut zorteduna izan naizela, egon naizen konpainia guztietan gustura aritu naizelako. Ia denetan errepikatuko nuke. Lan-talde bat aukeratzekotan Pikor konpainiarekin izandako lehenengo urte haiek aukeratuko nituzke. Iaz, Artedrama eta Axuten Zaldi urdina emanaldian ordezkapen bat egiten aritu nintzen eta asko gustatu zitzaidan nola egiten zuten lan, oso profesionalak dira eta antzerkian berriro sinesten hasi nintzen. Oso metodikoak eta zorrotzak dira eta gustura aritu nintzen.

J.U.: Seriotasuna, diziplina eta konpromisoa dagoen bitartean edonorekin gustura.


Nola ikusten duzue zuek baino gazteagoak direnen etorkizuna?
I.L.: Nik uste gauzak gure belaunaldiak baino argiago dituzuela arlo profesionalean; seriotasuna eta profesionaltasuna nabari dira. Aktore gazteak zorrotzagoak dira duintasunari dagokionez. Lehen gauza asko borondatez egiten genituen, gehiegi. Lan merkatuari dagokionez, desberdintasun handirik ez dut ikusten, antzerkiaren mundua beti izan da prekarioa.

J.U.: Ez dakit zenbat aktore euskaldun dagoen 20-30 urte artean, galdu egiten naiz. Lana badago, batez ere plataformek hartu duten indarrari esker, duela zazpi urte ez zegoen; merkatu bat ireki da hor. Antzerkiak lehen bezala jarraitzen du, nik uste.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!