Zazpigarren ilara

'Urte berri on, amona'-z tertulia

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Arrastoa 2021ko urt. 10a, 07:59

'Urte berri on, amona' pelikulako fotograma bat, Montserrat Carulla ageri da. ATARIA

Iñigo Aranburu eta Sambou Diaby aktoreekin batera, denbora eta ohituren igarotzea, zaintza lana eta gure nagusien ongizatea pantaila handira eraman zuen filmaren azterketa laburra dator jarraian, tertulia gisara.

S.D. Pelikula hau ikusi dudan lehen aldia da.

I.A. Niretzat ere bai, elkarrizketa hau egitea aitzakia polita izan da.

Nik aspaldi ikusi nuen, baina ez nekien amonaren papera egiten duen aktorea katalana zela, Montserrat Carulla.

I.A. Nik lehenagotik ezagutzen nuen telebista katalanean ikusita. Arraroa izan da hori jakinda euskalduntzat jotzea, baina esan beharra dago harrituta geratzekoa dela euskaraz hitz egiten duenean, oso ondo egiten du. Duela gutxi hil da gainera…

Iñigo Aranburu: «Komedia bat da, baina baditu drama, suspensea eta akzioa ere» 

Kontxu Odriozola bera ere 2016an galdu genuen. Montserrat Carullaren pertsonaiak, ordea, ez du hil nahi.

I.A. Hala da bai. Esan beharra daukat gaiak asko ukitu nauela, ama aurten hil baitzait. Bartzelonatik duela sei urte, besteak beste, bere azken urteak berarekin pasatzeko itzuli nintzen. Ulertzen dut filmean agertzen den amona gaiztoa dela-eta komedia puntu horrekin edozer gauza egin dezakezula, baina aldi berean gure helduak nola zaintzen ditugun pentsarazi dit. Orokorrean gizarteak errespetu gutxirekin tratatzen ditu eta ez diegu ia eskertzen gugatik egin duten guztia. Horrek asko hunkitu ninduen.

S.D. Amona horrek familiarengan duen eraginak atentzioa deitu dit niri. Nagore Aranbururen eta Josean Bengoetxearen pertsonaien arteko erlazioa okertzen doa bere erruz. Iñigok esan bezala, komedia bat izateak asko laguntzen du amonaren gaiztotasunari mamia ateratzeko. Azken finean, hil nahi ez duen pertsona bat da eta besteek hori ez dute ulertzen.

I.A. Emakume horrek lortu nahi duena atentzioa deitzea eta maitatua izatea da. Gero hori Kontxu Odriozolaren pertsonaiari ere gertatzen zaio, baztertua edo ahaztua ez izateko.

Sambou Diaby: «Hil nahi ez duen pertsona bat da eta besteek hori ez dute ulertzen» 

Amak amonaren rola hartzen du.

I.A. Amona horren gaiztoa izateak terrore puntu bat ematen dio. Komedia bat da, baina baditu drama, suspensea eta akzioa ere.

Josean Bengoetxearen pertsonaia film guztian zehar dabil basurde baten atzetik. Beranduago, haren semeak ehizatuko du.

I.A. Paralelismo bat dago basurdearen eta amonaren artean, nik uste. Semeak basurdea ehizatzea metafora gisa uler daiteke, semeak berak, bere arrebaren laguntzaz, etxeko arazoarekin amaituko balu bezala. Kontuak kontu, bakea ez da iristen familia horretara.

Castinga ondo egina dagoela iruditzen zait.

S.D. Lantalde polita da, bai.

I.A. Iñake Irastorzak egiten duen bizilagun kuxkuxeroaren papera izugarri maite dut. Aupa Etxebeste eta Agur Etxebeste filmetan ere bizilagun gisa agertzen da. Aktore guztiak oso ondo daude, agertzen den mutil txikia barne.

S.D. Mutil hori oso natural ageri da.

 

URTE BERRI ON, AMONA! (2011)

 

Zuzendaria.

Telmo Esnal.

Aktoreak. 

Josean Bengoetxea

Nagore Aranburu

Montserrat Carulla

Kontxu Odriozola

Pedro Otaegi.

Ikusgai.

Filmin platforman.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!