Zazpigarren ilara

«Gai lokalak unibertsalak ere badira»

Erabiltzailearen aurpegia Hodei Arrastoa 2021ko urt. 10a, 07:58

Iñigo Aranburuk eta Sambou Diaby aktoreek euren ibilbide profesionalaren berri eman diote Hodei Arrastoari. Urte Berri On, amona pelikulaz aritu dira tertulian hiru aktoreak.

IÑIGO ARANBURU (1971, DONOSTIA)

EITBren Alardean Itziar Ituñorekin batera protagonismoa elkarbanatzen duen aktore hau Handia filmean ezagutu genuen eta Altsasu telesailean ere izan du agerraldia. Call Center antzezlana aurkeztu zuen Bartzelonako La guapa teatre antzerki konpainiaren partaide izan zen Iñigo Aranburu, eta orain Hika teatroaren Tonbola kale antzerkian goza dezakegu bere lanaz Euskal Herrian barrena.
.

 

SAMBOU DIABY (1999, ZUMAIA)

Oraindik kaleratu ez den bideoklip baten grabaketan ezagutu genuen elkar, aktorea izateaz gain dantzatzea ere gustatzen baitzaio. Antzerkian Cabaret musikala egin zuen eta kamera aurrean Kartzela web-seriean eta baita estreinatu berri den Altsasu telesailean ere ikusteko aukera dugu. COVID-19aren erruz Madrilgo La joven konpainiarekin egin beharreko El primer acto antzezlana estreinatu gabe geratu da.

 

Non ikasi zenuten antzezten?

Iñigo Aranburu. Bartzelonara diseinatzaile grafiko ikasketak egitera joan nintzen eta han nengoela antzerki klase bakanak jasotzen hasi nintzen eskola txiki batean. Interesa piztu zitzaidanez, hogeita hamabi urterekin Colálegi del Teatren ikasketak egitea erabaki nuen.

Sambou Diaby. Donostiako TAE eskolan ikasi nuen bi urtez, ondoren Madrilgo Estudio V eskolan hasi nintzen kurtso intentsibo bat egiten eta horrez gain La joven konpainian aktore entrenamenduak egiten nituen. Bartzelonan Afrika moment formazioa ere egin berri dut, Espainia mailan bizi diren artista afrikarrei zuzendutakoa.

Zein izan zen zuen lehenengo proiektu profesionala?

S.D. Ni figurazio lanak egiten aritu nintzen Go!azen telesailean.

I.A. ETBn urtebetez aritu nintzen hamazazpi urte nituela, Laino guztien azpitik programaren Bai zera! sekzioan. Hala ere, esan daiteke profesionalki hogeita hamabost urterekin hasi nintzela lanean. «Gauza berri bat ikasten hasteko beranduegi da» dioen jendeari nik, «Berandu? Zer da berandu?» esango nieke.

Agertoki gainean gertatutako anekdotarik izango duzue.

I.A. Martxelo Rubiorekin Donostiako La Farandulan mikroteatro bat egiten ari nintzela barreak eman zigun eta antzezlana geratu behar izan genuen. Emakume batek oso barre berezia zuen eta berandu eta lekuz kanpo entzuten ziren bere algarak. Publikoa ere gurekin barrezka aritu zen. Antzezlanarekin jarraitzen saiatu ginen eta nolabait amaitzea lortu genuen. Halakoak gertatzen direnean oso ederra da, ikusleek ere eskertzen dute.

S.D. Cabaret emanaldian bazen momentu bat ni plateara jaisten nintzena korrika, kamisetarik gabe eta urez bustita. Agertokira itzultzean aita jendartean ikusi nuen aurpegia estaliz, lotsatuta eta urduri. Ni deskontzentratu egin nintzen, ez nuelako publikoan espero eta ustekabearen ondorioz eskaileretan estropezu egin nuen.

Sambou Diaby: «Egoera hau mantentzen bada behintzat, badugu etorkizuna» 

I.A. Beste behin, Call Center antzezlanean mahai handi bat mugitu behar genuen argirik gabeko une batean oso azkar eta lankideei behin baino gehiagotan esan nien kontuz ibiltzeko, agertokitik erortzeko beldurra nuelako. Esan eta egin. Sekulako kolpea hartu nuen, baina hala ere ikusle batzuk ohartu ere ez ziren egin, berehala agertokira igo nintzelako antzezten jarraitzera.

Nola ikusten duzue euskal fikzioa?

S.D. Orain hasi da indartzen. Altsasu, Alardea, Hondar ahoak… gorputz gehiago hartzen hasi da. Proposamen berritzaileak egiten ari dira.

I.A. Ados nago. Euskal fikzioa momentu onean dagoela iruditzen zait, baina beldurra ematen dit oasi bat izateak, gerora egoera mantenduko ez dela pentsatzeak. Orain plataforma asko daude produkzio ezberdinak egiten, mundu mailan fikzio gehiago egiten ari da eta guri ere tokatuko zaigu. Kalitate aldetik ezin garela kexatu uste dut, ea horrela mantentzen dugun eta hobetzeko gai garen. Eta batez ere, orain ETBk egin duen bezala, zuzendari eta aktore gazteak hartzea gustatuko litzaidake, aurpegi berriekin kalitate hori mantenduz.

Zer du aipagarria gure fikzioak?

S.D. Orain arte euskal gaiak erabili izan ohi dira. Euskal tradizioei buruz hitz egin izan dute.

Iñigo Aranburu: «Euskal fikzioa momentu onean dago, baina beldurra ematen dit oasi bat izateak» 

I.A. Ulertzen dut hori, baina justu Urte berri on, amona filmean ez da gai euskaldunik lantzen, nahiz eta familia euskalduna izan. Aupa Etxebeste eta Agur Etxebeste ere hemengo jendeak egin ditu, baina gaiak orokorrak direla iruditzen zait. Hala ere, egia da Sambouk dioena. Errementari, Amama, Handia… denak dira oso euskaldunak. Hondar ahoak Ondarroan gertatzen da, baina kasu polizial orokor bati buruzko istorioa azaltzen da. Nire ustez gai lokal bat urruti dagoen ikusle batek bere sentitzea da politena.

Euskalduna ez den norbaitek euskal kontakizun batekin enpatia izan dezake?

I.A. Alardearekin hala gertatu da. Itziar Ituñoren kanpoko jarraitzaile askok ikusi dute telesaila eta asko gustatu zaie emakumeek aurre egin behar izaten dieten arazo horiek leku guztietan daudelako. Gai lokalak unibertsalak ere badira.

Zein aktore euskaldunekin egin nahi duzue lan? 

S.D. Nik Ramon Agirrerekin egingo nuke lana, beti pentsatu izan dut hala. Bere lan egiteko era asko gustatzen zait. Go!azenen ezagutu nuen eta nahiz eta kontaktu gehiegirik ez izan, atentzioa deitu izan dit. Eneko Sagardoyrekin ere gustatuko litzaidake.

I.A. Elena Irureta bere azken lanetan ikusgarri dago, asko gustatuko litzaidake lana berarekin egitea. Euskal Herritik kanpo, Javier Camara esango nuke. Jendeak bere energia antzekoa dudala esan izan dit beti. Gaztetan asko miresten nuen, bere komedia egiteko modua ederra da. Tira, komedia egiteko Elena bera ere oso ona da… [Barreak].

Euskal gazteriak ba al du etorkizunik hemengo fikzioan?

S.D. Orain da momentua, gazteentzako aukera interesgarriak ari dira ateratzen. Iñigok esan duen bezala, egoera hau mantentzen bada behintzat badugu etorkizuna.

I.A. Gaur egun, ez soilik Euskal Herrian, gazteentzat aukera pila bat dago. Beti esaten da berrogeita hamar urtetik gorako emakumeek arazoak izan ohi dituztela aktore lanak egiteko, ba gazteekin kontrakoa gertatzen da. Nik gazte jendea gutxi ezagutzen nuen, baina Altsasun harrituta geratu naiz dagoen mailarekin. Hiru egun soilik aritu nintzen grabatzen, baina nahikoa izan zen lanerako zegoen giro ona sumatzeko, eta noski, giro hori gazteek sortzen zuten. Zaharrek bezala hitz egiten dut… [Barreak].

Oso ondo pasatzen duzu horrelako tokietan lanean, baina argi geratzen zaizu beste jenerazio batekoa zarela.

 

MOTZEAN

Pelikula bat?

I.A. Hanekeren Amor. Gainera, Ramon Agirre agertzen da!

S.D. En busca de la felicidad edo Burlesque.

Telesail bat?

I.A. Years and years.

S.D. El príncipe de Bel Air.

Genero bat?

I.A. Denbora bidaiak dauden zientzia fikziozko filmak gustatzen zaizkit.

S.D. Thriller eta drama.

Aktore bat?

I.A. Eduard Fernandez.

S.D. Will Smith.

Pertsonaia bat?

I.A. Nik egiteko bada, komedia batean pertsonaia patetiko bat.

S.D. Bad boys filmeko poliziak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!