Adin batetik gorakoekin tratatzeko gida azkarra gazteontzat

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Azurmendi 2020ko abe. 19a, 19:59

Jo dezagun autobusean lauko eserleku horietan zoaztela, ospitaletako zuzenean, eta bi edo hiru edadetu esertzen zaizkizuela ondoan, erabaki dutenak zuek ere euren konbertsazioan bai ala bai sartzea. Edo jendaurrean lanean ari zaretela eta bezero erretiratuek erabaki dutela gaur zuri txapa ematea. Mundu desberdinetakoak zareten sentsazioa jartzen zaizuen memento horietan konbertsazio arina bideratzeko gida da hau.

Ados, agian ez zaigu interesatzen orain okindegia dagoen lekuan duela 70 urte jostun-denda zegoela jakitea. Horrelakoetan pentsatu behar dugu parean dauzkagun horiek ere izan zirela gazte eta, beraz, gutxienez hiru gauzak kezkatu dituztela: botereari (gurasoei, apaizari, poliziari…) nola iskin egin, festa non bilatu eta lardaskan nola ibili. Beraz, proba dezakezue, garai bateko herriaren deskripzioaren erdian, «Eta salafiestas non zegoen?» botatzea. Lehenengoa irekiera fasea da, jokalekua zabaltzen ari gara.

Ongi, amua jarri dugu. Heltzen badiote ere, argi ordea. Ez hartu konfiantza gehiegi. Esaten duten guztia ez da egia. Gehiago esango dut, gezurra lori esaten dute. Kontua adornatzea deitzen diote horri. Beraz, «Ez, ez, guk horrelakorik ez, lana besterik ez genuen», eta antzekorik esaten badizuete ere ez etsi. Beharko balitz eraso aurrez aurre: «Ez zera, zu ere ibilia izango zara noiz edo noiz lastategian barrena!». Bigarren fase honetan jokatzen da partida, inportantea da ahalik eta karta gehien biltzea hemen.

Horrelakoetan pentsatu behar dugu parean dauzkagun horiek ere izan zirela gazte eta, beraz, gutxienez hiru gauzak kezkatu dituztela [...].

Lehenago edo beranduago, adinekoa konturatuko da gehitxo kontatzen ari dela. Alarma piztuko zaio eta erasora pasako da: «Oraingo gazteak X hutsak zarete!». Lasai, honetarako ere prestatuta gaude. Telebistak ez du alferrik azken urte erdia pasa guztiaren errua gazteoi botatzen. Hau kale edo bale fasea da, azkena. Honetarako bildu ditugu bigarren fasean kartak. Bota ziplo: «Reggaetona? Ez zarete ba zuek agarratu estu askoak egin gabekoak!». Eta nola dakigu noiz irabazten den? Hori erraza da: «Gu ere gazte izan ginen, bai» edo «Azken batean, gaztea beti gazte» esaten badute, egina dago.

Oharra: ematen ez badu ere, nik jada denbora daramat gazte izaten. Horrexegatik eman nahi nizuen gida hau hasiberriei, urte hauetan guztietan bildutako eskarmentuarekin. Zeren, egia esan behar badut, azkenaldian badatoz gazte batzuk ezer ez dakitenak eta dena eginda eman behar zaienak. Eta orduan ere ez dute kasurik egiten. En fin, alferrik duk!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!