[Renotik] Bueltan

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Azurmendi 2018ko abe. 21a, 14:25

Zuek hau irakurtzerako Euskal Herrian egongo naiz, eta askorekin topatu ere topatu izango naiz honez gero, baina oraintxe bertan Ozeano Atlantikoaren gainean joango naiz nonbait.

250 bat lagun gaude hegazkinean, ilunetan eta gehienak lo. Badira ordu batzuk jada Reno utzi dudala, hartu ninduenean baino 30 bat gradu gutxiagorekin. Hiru hilabetean zehar osatu dugun familiatxoa ni etorri baino lehentxeago hasi zen kraskatzen eta aste pare batean gehienak faltako gara. Espero zen, baina penatxoa ematen du.

Esan ohi da aireportuak ezlekuak direla, guztiak berdinak, mundu errealetik apartatutako eremuak. Gehienek badute, hala ere, zerbait berezia, nortasuna eman nahian bezala: Madrilen urdaiazpikoa saltzen zuten, Mexikon tekila bereziak dituztela badakit,... Eta Renon? Renon makina txanponjaleak eta moketa daude, datozenei kasinoetara ongi etorria egiteko edo doazenei azken txanpona zukutzeko. Oraindik gogoratzen dut iristean sortu zidaten irribarre harritua. Gero, behin hegazkina aireratuta, paisaiaren espektakuluarekin entretenitu naiz. Ikusi ditut itsaso bat laino, mendiek han-hemenka zulatuak; asfaltozko errekak mila, auzoak karratutan banatuz,... Ez nau harritzen Renoren bigarren erreklamo turistikoa, kasinoen ondoren, natura izateak.

Los Angelesera iritsi naizenerako gautzen ari zuen. Ez dakit inoiz ikusi dudan halako argi zelai erraldoirik, urrunean hasi eta itsasertzak bat-batean eteten zuena. Ez dut denbora handirik izan horri begira geratzeko, hala ere. Eskala laburrek ematen duten presarekin atera naiz hegazkinetik zuzenean terminalez aldatzeko. Orain 11 orduko parentesi bat Madrilera iritsi arte. Gero beste esprint bat terminalez aldatzeko eta laster etxean. Badaukat gogoa! Beldur bakarra jet lag-ari diot, ordu aldaketaren trantzeari. Abisatua nator joanekoan baino gogorragoa dela. Horregatik, asteburuan Tolosan edo Alegiako Gaztetxean desordutan ikusi banauzue errukitu zaitezte ordutegia guztiz nahaspilatuta daukan honetaz, bertako errutinara ohitzen ari da eta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!