Azaro hasieran etorri ziren Renora Ardi Baltza taldeko dantzari batzuk euren Etxea: Memoirs of Gernika saioa eskaintzera, 36ko bonbardaketaren testigantzetatik abiatuz sortua. Dantzaren kalitatea neurtzeko jakintzarik ez dudanez, nik zoragarria irizteak ez du asko esan nahiko. Baina zoragarria izan zen. Nik ere nabaritu nuen dantza tradizionaletatik abiatuz sortzen zituzten eszenek bazutela zerbait berezirik.
Saioko une batean Olivia Rice, etxe-hondakinetatik igotzen zen kea bezala, ballet-dantzan ikusteak zutabea merezi zutela konbentzitu ninduten.
TALDEAREN MAPA
Afaltzen, kontu-kontari geundela, taldearen gutxi gorabeherako mapa egin genuen: Elkokoak ziren, euskal komunitate indartsua dagoen landa herri batekoak (pena latza daukat ezin joan izana). Batzuk, Kiaya taldearen sortzailea kasu, hona etorritako euskaldunen ondorengoak. Dantzan ere txikitatik hasitakoak ziren denak, euskal dantza tradizionalen taldean edo garaikidean. Horraino nahiko normal dena.
Oliviaren hitzek ustekabean harrapatu ninduten, umetan euskal dantza taldetik egotzi zutela esan zuenean. Zergatik? «Ez neukalako euskal jatorririk». Gorabehera batzuen ostean, atzera taldera itzuli zenean ere, dantzari zaharragoek bazter uzten omen zituzten ez zirelako «benetako» partaide. Joño... Hemen ere horrela. Ikaragarri eskertzen diet Oliviari eta Kiayari ondorengo egunetako galdera uholdea pazientziaz erantzun izana.
Halaxe azaldu zidan Kiayak: «Ardi Baltza 2012ko neguan hasi nuen, ideia sinple batekin: euskal dantzak dibertigarria behar zuela, gaurko belaunaldientzat gertukoa. Konturatu nintzen horretarako bide bakarra eraldatzea zela, Euskal Herriak egin duen bezala, tradizio horiek biziraun bai, baina sorkuntza artistikoa ere bultza dezaten». Bizi pixka bat behar zela, alegia, beti betikoa betikoagatik egin beharrean. «Banekien hartuko nituen lizentziek hautsak harrotuko zituztela. Segituan ohartu nintzen euskal komunitatearen baitako zenbaitek oso gaizki hartu zuela aldaketaren ideia. Hor jakin nuen zerbaitetan ari nintzela. Itsusia izan zen, gauza gogorrak esan zituztelako taldeaz, dantzariez eta nitaz. Baina gogorrago egin gintuen.» Ni begiak kanpandorreko erlojuak baino borobilago.
ISTORIOAK KONTATUZ
Oliviak Ardi Baltzan amaitzea ez zen kasualitatea izan, beraz. «Ardi Baltza desberdina da dantza talde tradizionalekin alderatuta. Istorioak kontatzen saiatzen gara, historia eta kultura arakatzea gustatzen zaigu, horiekin dantzak sortzeko. Dena euskalduntasunera hurbiltzen garen bitartean.» Barru barrutik disfrutatzen duela horretan behin eta berriro dio. Ez alferrik, Kiayak ere azpimarratzen du garrantzitsua hurbiltze hori dela, norberak egiten duen bide eta esfortzua. «Ni euskalduntasunari buruzko oso ikuspegi estuarekin hazi nintzen. Orain egunak pasatzen ditut ikertzen. Hainbeste gauza topatu ditut! Dantzak bakarrik ez, aditu ere egin gabe neuzkan historia zatiak aurkitu ditut». Eta niretzat itu-ituan jotzen duen esaldia: «Jendeari bidea ematen badiozu, bere sortzeko gogoa esploratzera bideratzen baduzu, han topatuko duzu pasioa».
Nik uste dut denok sinatuko genituzkeela, honez gero, Kiayaren hitzak, ezta? Trikitilariek pasa den mende hasieran zer egin zuten ba, instrumentu italiar hura hartzean? Eta duela 10 urte joan zen Laboak? Eta enegarrenez, Muguruzak zer egin du ba, gure baitako tradizionalista ezkutu hori klikatzea ez bada? Kontua ez delako balleta gustatzen zaigun edo ez, ardi beltz horien lana baloratzen dugun baizik.