Goizean goiz esnatu, aireportuan kotxea alokatu eta eguerdirako pelikuletako hostel merke horietako batean geunden. Gauzak utzi, bazkaldu azkar, eta ferialekura abiatu ginen.
Izan ere, Los Banosi tokatzen zitzaion aurten NABOren (North American Basque Organizations) urteroko batzarra hartzea. Han bildu ziren mendebaldeko estatuetako hainbat euskal elkarteetako ordezkariak, euskaldunok hain gureak ditugun bilera amaigabe gogor horietako batean. Guk ez genuen halakorik sufritu beharrik izan, ordea, bilerarekin batera Kantari Eguna zelako. Bai bai, Kaliforniako herri batean ehun lagunetik gora bildu ginen Maitiak galde egin zautan eta antzekoak abesteko (nik ez nuen kantatu, lasai), Zazpi Jauzi dantzatzeko (gutxiago dantzatu),... Bertsolariak ere izan genituen argazkian ikus daitekeen bezala. Gauzak zer diren, hiru urte atzera Villabonan entzunak neuzkan Martin Goikoetxea eta Johnny Curutchet. Bukatzeko Amerikanuak musika taldeak eman zuen kontzertua, berriro ere «greatest hits» euskaldunak joz.
Bati baino gehiagori folkloriko hutsa irudituko zaio festa agian. Nik ere izan nuen irudipen hori hasieran. Baina gero hango jendearekin hitz eginda konturatu nintzen niretzat euskalduntasun folkloriko zaharkitua zena hona etorritako artzain, apaiz eta abarrentzat utzi zuten Euskal Herria zela. Eta euren ondorengoentzat, berriz, herentzian jaso duten euskalduntasunaren memoria. Hemengoek euren bidea egin dute euren euskalduntasuna lantzen eta emaitza interesgarria egin zait: partekatzen ditugun elementu askok esanahi desberdina hartzen dute. Filosofikoegi geratu zait? Ea adibide batekin: kontzertua hasi aurretik bi mutil sartu ziren bandera banarekin, bata ikurrina, bestea Ameriketako Estatu Batuetakoa. Eta ondoren, munduan dagoen solemnetasun guztiarekin, Gernikako Arbola eta himno estatubatuarra kantatu zuten. Eszena surrealista guztiz, niretzat. Baina aizue... zein naiz ni hemengoen euskaldun izateko modua juzgatzeko, ezta? Ez dakit... hurrengo zutabean ikusiko dugu.