Berez leku hain urruneko, desberdin honetan pentsa zitekeen kotxea hartzea bazela erronka moduko bat. Baina pare bat txikikeria kenduta, oso erraz eta intuitibo egin zitzaidan dena. Zer pentsatua ematen du 9.000 km-tara ere hain eroso ibiltzeak errepidean, nola munduko ohiturak batzen ari diren, herrien arteko aldeak txikiagotzen,... Adibideak errenkadan etorri zitzaizkidan. Errepidearekin hasita, munduaren hiru laurdenak gidatzen omen du eskuinetik eta ezkerretik egiten duten gehienak Erresuma Batuaren koloniak izan dira. Irratia ere piztuta geneukan eta kantu gehienak ezagunak ziren niretzat edo lagunentzat. Ingelesa ia mundu osoan zehar ibiltzeko ze hizkuntza erabilgarria den nahikoa azpimarratu zaigu gure bizitza osoan zehar. Eta zer esanik ez, pasaporte amerikarrarekin ia estatu guztietako ateak irekitzen zaizkizu.
Baina, itxoin... hor jada bonbilla piztu zitzaidan. Mundu global horretan mugak gutxitzen ari ziren, bai, baina pasaportea ez zen mundukoa. Pasaporteak amerikarra izaten jarraitzen zuen. Irratiko musika ere ezaguna egiten zitzaigun, baina ez zegoen han ingelesezko pop betikoa edo rock kantu mitikoak baino (MTVren gorabeherez gain ez da Berri Txarrak-ik entzuten hemen). Eta kultural global horretako kide gehienek euskara badenik ere ez dute jakingo, nahiz eta Google «kaliforniarraren» sisteman egon. Gauza arraro bat etorri zitzaidan burura: denona den mundu global honetan ez ote dauden pertsona globalago batzuk besteak baino. Alegia, badaudela batzuk berez jaiotzen direla mundutar, euren pasaporte global horrekin, pop global amerikarrarekin,... Eta beste batzuei, berriz, zerbait falta zaiela maila horretara iristeko, esfortzu bat egin behar dutela. Nire kasuan zortea izan dut, mundutar izateko espainola eta ingelesa ikasita eta gustatzen zaidan musika apur bat ikasita hurbildu bainaiz apur bat. Beste batzuk, mundu horren parte izan nahirik itsasoan edo desertuan hiltzen dira.
Irakurria nuen, nire irakurketa filosofiko horietako batean, gizaki bakoitza berez zela beste guztien pareko. Eta, gaixoa ni, pentsatu nuen horrek esan nahiko zuela urrestillar bat donostiar, kaliforniar edo ginear bat adina zela mundutar; globalizazioa horiek guztiak, handi eta txiki, zuri eta beltz, elkarrizketan jartzea litzatekeela alegia. Baina badirudi ezetz; mundutartzeko errepidea one way soilik da, antza.