Ez dute, gainera, inor ere bazter uzten. Etorri zaizkit immigrazio aurkako errepublikarrak galdezka, esan diet etorkina naizela hemen, eta «ea laster lortzen duzun ba eskubidea!» sinpatiko batekin agurtu naute. Pasa den astean italiarren festa ospatu genuen eta han ere bazebiltzan. Era berean, edozein lekutan aurki ditzakezu: autobus geltokira joan eta hantxe daude homeless artean, futbol partidetan,... Campusean ere topatu ditut behin baino gehiagotan eta estrategia ona darabilte: argazkikoa bezalako madalenak edo pizza puskak eskaintzen dituzte debalde.
Atentzioa ematen du Ameriketako Estatu Batuetan, munduko demokrazia indartsuenetakoa omen denean, horrelako lanak hartu behar izatea jendea bozketara eramateko. Eta neurria ere ematen du politikaren ze ikuspegi dagoen hemen, botoak cupcake batekin arraskatu behar dituztenean. (Esan dezadan, bide batez, gure kontzientzia zibikoa ez doala bide hobetik). Eskemak hautsi dizkidana, ordea, nire bi pisukideekin izandako elkarrizketa izan da. Nonbait biak armadan ibilitakoak dira, gazteenak 25 bat urte izango ditu, eta politikaz ez dutela ezer jakin nahi (don't give a shit izan ziren hitzak) erantzun zidaten, gero euren armadako istorioak harro kontatzen zituzten bitartean. Euren herrialdea zerbitzatzeko, armada baino politika modu hobea ez ote zen galdetu nien eta hor aurpegi arraroa jarri zidaten. Ez da harritzekoa: gerora ikusi dut hemen biztanleen hiru laurdenak estimu handian dutela Armada Nazionala, instituzio politikoak %15era eta sindikatuak %20ra iristen ez diren bitartean. Ikusi besterik ez dago militar beteranoek duten errespetua hemen.
Pisukideekin hizketan esaldi bat etorri zitzaidan, nerabetan, hemen «are you registered to vote?» hori bezala, zopatan ere entzuten nuena. Gogoratuko duzue gobernuko gizon burusoil hura «o votos o bombas» nazkatu arte errepikatzen. Bada, zer esango dizuet, askatasunaren lurralde honetan jendeak nahiko argi du biak bateragarri direla. Eta, apur bat estutuz gero, uste dut errazago utziko lituzketela botoak bonbak baino. Demokraziaren magia da.