[Renotik] Hilabete eta segi aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Azurmendi 2018ko urr. 4a, 15:11

'Hona iritsi nintzenetik hogeita hamaikagarren iluntzea'. H. AZURMENDI

Etzaten ari zela atera nion argazkia eguzkiari joan den larunbatean. Hona iritsi nintzenetik hogeita hamaikagarren iluntzea, horrelaxe iritsi bainintzen Renora, hegazkinetik egunaren azken printzak ikusten nituela, hilabete lehenago. 

Argazkikoa berez ez da toki berezia, campus-etik etxerako bide gurutze bat besterik ez. Hortik aurrera kilometro eta erdiko aldapa bat hasten da, nire buruarekin hizketan eta arnasestuka igotzen dudana. «Hilabete hemen, hi» esan diot gaurkoan. «Bai, pixka bat zaildu gaituk lehenengo egunetik!». Zerbait ikasi dugu, bai.

Hegazkinetik jaitsi eta aireportuan lehenengo gauza txanpon-makina horietakoak ikusita konturatu nintzen lekua kuriosoa izango zela. Harrez gero, kasinoetan sartu eta pare bat aldiz soilik galduta ateratzen ikasi dut. Izan ere, hemen kasinoak labirinto hutsak dira, batak besteekin lotuak barrutik eta irteera seinalerik gabe ia. Badu meriturik argi itsugarrien artean orientatzeak.

Bizikletari gurpilak aldatzen ere ikasi dut, behingoz. Ez da gutxiagorako. Espaloi bazterretan ateratzen den landare horietako batek goathead (ahuntz-buru) izeneko haziak botatzen ditu, arantza luzedunak. Bi zulatu hilabetean eta eskerrak emateko esan didate. Far West da hau, landareak ere gogorragoak dira.

Ez hori bakarrik, enteratu bainaiz hemengo armiarmak ez direla higuina ematearekin konformatzen. Alargun Beltza edo viudanegra inguru honetakoa da nonbait. Baina lasai, pozoiak normalean ez omen du jende heldua hiltzeko indarrik. Oso ondo, oso lasai. Eta are lasaiago enteratu nintzenean behin, duela urte batzuk, poliziak e-mail bat bidali zuela campusean zehar bi hartz ikusi zituztelako.

Polizia... «Tiroketaren bat badago zu artxiboan sartu, blindatuta dago. Eta polizia badator argi, eskuak jaso eta kontuz ibili». Iñaki liburuzainak esandakoa. Umorez hartzen dugu kontua. Taberna batera sartu eta erdiek gutxi gorabehera armaren bat izango dutela dio estatistikak, baina estatistikari jaramon eginez gero 20 bat zentimetro altuagoa beharko nuke. Sinetsi ezinik bezala egiten dut barre, Far West.

Gustua hartu diot hiriari, ez pentsa. Orain hobeto ulertzen dut Tarantinoren pelikuletako umorea ere. Hain gauza xelebreak egunero ikusteak badu bere grazia. (Armiarmenak ez, horrek ez du graziarik). Azken batean, denoi gustatzen zaigu axioa barra ertzetik ikustea, ezta? Ba nik ere berdin segituko dut beste bi hilabetez, bizikletan gora eta behera: pokerrean ikasi gabe, ahuntz-buruei iskinka eta armak supermerkatuetan salgai soilik ikusiz, ahal dela. Eta beti irribarre-erdi sinesgaitz horrekin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!