Gezurra litzateke lasai nengoela esatea (edozeinek esango zukeen hiruzpalau hilabetetarako nentorrela), lurra uztean hotzikara bat jaitsi zitzaidan bizkarrean bera. «Nork agindu zidan niri hau?». Eta egia zera da, inork ezetz. Gustuz ari nintzela bidaia egiten. Baina AEBetan, immigrazioko funtzionarioaren hoztasunaren aurrean gustu gutxi geratzen zitzaidan.
Gero, neurri pixka bat hartu nion nire dramari. Banindoala, bai, bakarrik eta zer espero jakin gabe; baina ezin zela inolaz ere konparatu aurreko bi mendeetan behar gorriak Ameriketara eraman zituztenekin. Haiek bai izango zutela kezka eta urduritzeko motiboa. Eta esan nion neure buruari, haiek artzain edo egurzale edo auskalo zertan bizi osoa iraun bazuten, nik nire unibertsitate erosoan ezingo nuela kexatu. Beldurra hurrengo egunean zer janik ez izatea zela, edo inoiz itzuliko ote zaren dudatzea, eta ez mugikorrean internetik ez duzulako galtzea.
Bidaiaren ez dakit ze momentutan gogoratu naizen umetako pasarte hartaz: artean aiton-amonen baserrian bizi ginen eta nik pilotan ibiltzeko paretatxo bat neukan karrean. Alabaina, aitonak hor ibiltzea debekatu zidan tarte batez. Izan ere, amerikanoak zetozen, noizbait gure etxetik joanen senideak, jatorrizko baserria ezagutzera. Niri jende hura oso garrantzitsua iruditu zitzaidan, besteak beste, etxeko paretak pintatzea merezi baitzuten; ahalik eta harrera onena egitea, alegia.
Ez dut esango Renon paretak pintatu dituztenik niregatik. Bisitari bat gehiago naiz ni hemen, Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroan. Baina bidaiaren gorabeherak eta gero ia etxekoekin elkartzea bezala izan da hemengo zentrokoen harrera. Paperak egiteko laguntza, etxea bilatzeko gomendioak,... Izan ere, herrialde berri batean zerutik erortzekotan, hobe saretxo bat izatea azpian. Behinolako euskaldun amerikanoek osatu zuten babes saretik oraindik zerbait geratzen dela ikusi dut Renon. Ez da gutxi.