Nire Tourra

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Azurmendi 2018ko uztailaren 15a

Tourra abiatu berri den egun hauetan dira hiru urte nire tesiaren lasterketa hasi nuela. Eta esan daiteke iritsi naizela lasterketaren hirugarren astera; datorren ikasturte honek erabakiko du ea Eliseoetan xanpaina edango dudan ala bidean geratu. Azken mendate bat igo eta sprinta, horixe geratzen da.

Denek esaten dizute gogorra dela, luzea, gorabeheratsua. Eta zuk, ezjakintasunak ematen duen felizidade horrekin, ez diezu sinesten. Gero, auskalo zenbat milagarren orria jiratu ostean, txakalaldiak harrapatzen zaitu. Burua galdezka: Gauza izango ote naiz? Ondo ari ote naiz? Zentzurik ba al du honek? Nora noa? Hor konturatzen zara taldekideek eskaintzen dizuten gurpil hori izango dela laguntzarik onena. Eta etsitzea jarraitzea baino gogorragoa delako segitzen duzu, Parisera iristea beste helburu gabe.

Bueno bueno, hainbeste kexa... urtero ateratzen dituk eta 200 lagun Tourrean! Zer edo zer izango dik! Bai, badu: zu bezain jota dagoen jendea ezagutzea, zure gaia onddozaleek basoa baino hobeto ezagutzea,... Eta, batez ere, zure burua proban jartzea mendate bakoitzaren aurrean. Nik azken igoera Renon egingo dut, Nevadan; urtarrilean azken sprinterako itzultzeko. Eta esan nahi dizuet ATARIA-ri esker, astean behin edo, hango gauzen berri emango dizuedala irailetik aurrera: lasterketan ondo noala ikusten ditudan parajeak kontatzeko, batzuetan; larri noanean gehiegi pisatzen didaten ur-potoak botatzeko, besteetan. (Ez da Usabiagaren kronika baina tira... ni ere ez naiz Landa edo Olaberria, zer nahi duzue!).

Bitartean, badakizue, heldu gogor eskulekuei, estutu hortzak eta zorte on zuen lasterketan!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!