Zergatik sinetsi jainkoagan?

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Azurmendi 2018ko maiatzaren 13a

Ez iezadazue galdetu nondik nora, baina aurrekoan Wikipedian Hernando de Talavera monjearen orrira iritsi nintzen. Ba omen du liburu bat idatzia Zergatik sinetsi jainkoagan? Berak hala agintzen duelako izenburuarekin. Argudio dotorea da, borobila behintzat.

Jainkoagan sinetsi behar duzu, ez ona delako edo onuraren bat dakarkizulako, hala agintzen dizulako baizik. Alegia: Jainkoak ez duela zertan ezer justifikatu, berak agindu egiten duela sinestea eta gure betebeharra leialtasun hori dela. Kitto. Teologian horrela izango da.

Ez dizkizuet gogorarazi beharko azken aldiko «gure» justiziaren ostikadak. Manadarena, Altsasukoena, gertuagoko Gazteak Kaleanekoena, raperoena, etxeetatik eta lanpostuetatik kaleratutako hainbatena, Cabacasena,… Zenbat ezta? Begirada atzeraxeago zabaldu eta hortxe, halaber, komunikabideen itxierak. Lehengoan telebistak gogorarazi zigun GALekoek kondena nola bete zuten. Eta abar luze bat. Bueno ba, ondo. Gero entzuten duzu politikari saldoa justiziaren ebazpenak onartu egin behar direla esaten, kostatu arren. Gauza bat dela sententzia jakinekiko gure errezeloa, bestea hiritar orok instituzioak errespetatzeko dugun betebeharra. Hiritartasuna ematen dizun estatuak berak leialtasuna agintzen dizula.

Hara! Lehen ahaztu zait esatea Hernando de Talavera XV. mendean jaio zela. Erregeak eta legeak jainkoak nahi zituelako ezartzen zirenean. Bitartean euri pixka bat egin du, ezta? Eta hala ere, despistaturen batek pentsatuko luke leku batzuetan denbora ez dela hain azkar pasatzen. Agian instituzioen pulpitutik leialtasuna etengabe exijitzen zaigulako, justiziarengan, legeengan eta estatuarengan sinestea gure berezko eginbeharren bat bailitzan. Leialtasuna eta konfiantza instituzioek eurek egunero irabazi beharreko balioak ez balira bezala. Tira, tira… gaur egun estatu dezente bat daukagu gu zerbitzatzen eta horregatik maite dugu. Ezta konstituzio bat izango bagenu ere Biblia bera bezain sakratua. Ixo, ixo… hobea da hau: ezta errege bat balego ere gurtu beharrekoa!

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!