Gizon Jakintsua

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Azurmendi 2017ko azaroaren 5a

«Gizon Jakintsua» Zaldieroa komikigilearen pertsonaia bat da, aspalditxoan desagertuta dabilena; pena, niri asko gustatzen zitzaidan eta.

Ikaragarri ikasten nuen berarekin ze erakusten zigun, adibidez, bilinguismoa zela M’Ongolo beltzak eta Gizon Jakintsuak beti eta erabat Gizon Jakintsuaren hizkuntzan egitea. Zer izango zen bestela, ba, biek bi hizkuntzatan egitea, bilinguismoa?

Ezkutatu antzean dabil Gizon Jakintsua, baina, eskerrak berari, arrasto luzea utzi digu inguru hauen luze-zabalean. Jarraian datozen adibideak neke haundirik gabe gogoratu izana horren adibide: idazle finak baitauzkagu, adibidez, Lehendakariak euskara jakitea ez dela beharrezkoa (nahiz eta ordezkatuko dituen herritar askoren aukera izan hizkuntza hori) esanez. Laguntzen omen du, dena den. Detaile bat izango litzatekeela, alegia.

Gizon Jakintsuaren beste ikasle batzuk, detailezale sutsuagoak, prest daude onartzeko, euskara ez, baina katalana hitz egitea. Twitterren ikusia. Arrazoia oso sinplea (eta jakintsua) da: katalana ulertzen da, esfortzu pixka bat egiteko detailea badago. Dakienak bai baitaki hizkuntza baten ulerterraztasuna neurtzeko nazioarteko estandarra hark gaztelerarekiko duen distantzia dela. Kasualitatea, Gizon Jakintsuaren hizkuntza berbera, zer egingo zaio.

Aurreko astean Madrilen izan nintzen jakintsuen kongresu batean. Batek ikerketa polita aurkeztu zuen: nola gazteleraren hiztun onek, garbiek, hiztun zikinak seinalatzen zituzten eguneroko elkarrizketan: andaluzak imitatuz, katalanen azentua esajeratuz, latinoamerikarren s/z nahastuaz lisensiado esanez. Detaileak. Polita izan zen, ze bi segundotan pasa nintzen nire burua ikustera azento baskoarekin seinalatua izatetik, kaletar soil euskaldun berrien hiskera seinalatxera. Askoz jakintsuago sentitu nintzen.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!